Turkiako hauteskundeetara aurkeztea debekatu diete hamabi hautagai kurduri

Iraganean bete dituzten kartzela zigorrengatik ezarri die betoa Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak

2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hamabi hautagai kurduk ezingo dute datorren ekainaren 12an Turkiako hauteskundeetan parte hartu.Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak betoa ezarri baitie, iraganean bete dituzten kartzela zigorrek «hautagai izateko gaitasunak mugatzen dizkietela» ebatzita.

Besteak beste, BDP Demokrazia eta Bakerako Alderdi kurduarekin aurkezteko asmoa zuten zazpi hautagairi ezarri diete betoa. Horietako bi, Gultan Kisanak eta Sabahat Tuncel, gainera, legebiltzarkide dira une honetan.

BDPk hautagai independenteekin aurkezteko asmoa zuen bozetan, emaitza hobeak lortzeko aukera izango zuela uste baitzuen. Izan ere, legez, botoen %10 lortu behar dituzte Legebiltzarrean sartzeko. Betoa ezarri dieten hautagai independenteak, baina, ezingo dituzte ordezkatu. Hori horrela, eserlekuak lortzeko aukerak nabarmen murriztu dizkiote alderdiari.

Selahattin Demirtas BDPko buruzagietako batek auzitegietara joko dutela iragarri du. Arazoa konpondu ezean, baina, hauteskundeei boikota egingo dietela azaldu du. Herrialdeko laugarren indarra da BDP eta hogei eserleku dituzte Anakaran.

Aysel Tugluk diputatu ohiak ere hauteskunde batzordearen erabakia kritikatu du, auzi kurduaren konponbide politikoarentzat oztopoa dela adieraziz.

Leyla Zana dago betoa ezarri dieten hamabi hautagai horien artean. 1995ean, hain justu, Giza Eskubideen Skharov saria eman zion Europako Legebiltzarrak Zanari. Hamar urtez egon zen kartzelan; EBren presioari eta Estrasburgoko epaiei esker aske utzi zuten 2004an.

ODP ezkerreko alderdiari ere debekatu diote bozetan parte hartzea, administrazio arazoengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.