Tentsioa gora egiten ari da nabarmen Kurdistanen, baita Turkian ere. Azken hiru egunetan BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiaren Istanbuleko egoitzen kontrako «eraso arrazistak» jasan izana salatu du alderdi kurduak. «Unibertsitateko hainbat ikasle turkiar Poliziarekin batera etorri ziren egoitzaren aurrera ostegunean. BDPren Istanbulgo Umraniye barrutiko egoitzaren aurrean bildu ziren, eta, han, Turkiako ereserkia abestu, eta kurduen nortasunaren eta politiken kontrako oihu iraingarriak bota zituzten», azaldu dio Firat News agentziari egoitzan zegoen Kemal Seven kurduak.
Egoitza barneko hainbat gauza apurtu, eta alderdiko banderak eta paperak erre zituzten. Selim Inan kurdua ere egoitzaren barruan zegoen, eta erasoak Turkiako Poliziaren onespenarekin egin zirela salatu du. Halaber, Istanbuleko Ataturk auzoan ere BDPko beste egoitza bat erretzeko saiakera egin zuten iragan ostiralean, errezoen ostean. BDPk azaldu duenez, Kafer Aga meskitako imamak kurduen kontrako «sermoi arrazista» egin zuen, eta horrek bultzatuta egin zuten erasoa eskoletako eta unibertsitateko hainbat ikaslek.
Urriaren 19an PKK Kurdistango Langileen Alderdiak Hakkari probintzian Turkiako soldaduen kontra eginiko erasoaren ostean —24 soldadu hil ziren Ankararen arabera; 100 soldadu, berriz, gerrillaren arabera— Turkia osoan hedatu dira kurduen kontrako eraso arrazistak. Turkiaren menpeko Kurdistaneko Elazig probintzian, esaterako, kurduen etxebizitzei eta dendei egin diete eraso bart.
Espainia, eredutzat
Bitartean, PKKren kontrako operazioak gogor jarraitzen du Turkiaren menpeko eta Iraken menpeko Kurdistanen. Hiru egunetan 53 ekintzaile kurdu hil dituela jakinarazi du Ankarak; bakarrik atzo, 32 lagun hil zituen armadak Kazan haranean.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak, bestalde, PPKren erasoen aurrean batasuna eskatu die oposizioko alderdi guztiei eta gobernuz kanpoko erakundeei, «Espainian ETAren kontra egin duten bezala».
Turkian «eraso arrazistak» ugaritu izana salatu du BDP alderdi kurduak
Turkiako armadak gutxienez 53 kurdu hil ditu, hiru egunetan, PKKren kontrako operazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu