Turkiako giroak gaiztotuta jarraitzen du, eta gobernuaren kontrako jarrera erakusteko grebara joateko deialdia arrakastatsua izan da. Bi sindikatu garrantzitsuk, eta mediku, dentista, ingeniari eta arkitektoen kolegioek grebara deitu dituzte afiliatuak, 80.000 kide inguru. Komunikatu bat egin dute, berdintasunean oinarritutako “Turkia libre eta demokratikoa” aldarrikatuz. Muammer Guler Barne ministroak funtzionarioak ohartarazi ditu bereziki: “Ez parte hartu greban, ondorioak izango dituzue bestela”. Baina eskaerari muzin eginda kalera atera dira.
Gaur ere milaka lagun abiatu dira hirietako plaza nagusietara. Ankaran, Esmirnan eta Istanbulen milaka lagunek kontzentrazioak egin dituzte. Poliziak, barrikadekin eta ura botatzen duten ibilgailuekin bidea oztopatu diete. Egunez egun larriagotzen ari dira polizien eta manifestarien arteko istiluak. Atzo 500 lagunetik gora atxilotu zituen Turkiako Poliziak. Istanbuleko Abokatuen Elkargoaren arabera, 390 lagun atxilotu zituzten hiri horretan, eta Ankaran 150, Hurriyet egunkariaren arabera.
Inkomunikazioa bertan behera uzteko eskaera
Hiriburuan kaleko jantzitako poliziek manifestariei negar gasa bota dietela salatu du oposizioak, eta gutxienez zortzi zauritu daudela. Istanbulen atxilotutakoen artean hainbat kazetari daude. Amnesty Internationalek inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu du, abokatuek atxilotuekin egon ahal izan dezaten.