Uztailean beteko da urtebete Turkia eta PKKren arteko su-etena bertan behera geratu zela. Orduz geroztik gatazka gogortuz joan da, eta azken hilabeteotan Turkian indartu egin ditu terroristatzat jotzen duen taldearen aurkako erasoak. Kurdistango Langileen Alderdiak atentatuak eginez erantzun du, eta ohartarazi Ankarak jarrera aldatu ezean "borroka gogortu" egingo dutela. "Kurduek euren burua defendatuko dute azkenera arte", iragarri du PKK-ko buru Cemil Bayikek.
"Ez dugu Turkia banatu nahi. Turkiaren mugen barruan bizi nahi dugu, baina askatasunez. Horregatik borroka ez da amaituko kurduen eskubideak onartzen diren arte", adierazi du Bayikek. PKK-ko buruak, hala ere, gogorarazi du irtenbidea ez dela borroka armatutik etorriko, elkarrizketa mahaitik baizik. Horretarako baldintak ere zehaztu ditu: "Su-etenik izango bada Turkiak Abdullah Ocalanen espetxe baldintzak hobetu behar ditu. Ocalanek urtebete baino gehiago darama bisitarik gabe, eta ez dugu haren egoerari buruzko inolako informaziorik. Egoera honetan negoziazioak ezinezkoak dira".
Elkarrizketarik ez
Recep Tayyip Erdogan presidentearen aholkulari Ilnur Cevikek erantzun dio PKKren oharrari: "PKK-k Turkia apurtu nahi du. Ez gara halako aukera bat negoziatzera eseriko". Cevikek nabarmendu du, gainera, gerrilla kurduaren aurkako erasoaldiak "nahikoa sostengu" duela.
Nazioarteko Krisi Taldearen arabera, 200 zibil, Turkiako segurtasun indarretako 340 kide eta PKK-ko 300 gerrillari inguru hil dira borroketan 2015eko uztailaz geroztik.