Turkiaren menpeko Kurdistanen jazo den lurrikara batean, 51 lagun hil dira

Elazig probintzia astindu du seismoak, eta sei graduko indarra izan du; lurrezko etxe guztiak erori egin dira

2010eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Turkiaren menpeko Kurdistango Elazig probintzian lurrikara izan da igandetik astelehenerako gauean, eta gutxienez 51 lagun hil eta beste 71 zauritu dira. Richter eskalan 6 graduko indarra izan zuen seismoak, eta eskualdean lurrez eginiko etxe ia guztiak txikitu egin ditu. Bi plaka tektonikoren topagunean dago eskualde hori, eta, horrexegatik, sarritan gertatzen dira han lurrikarak. Ankara Turkiako hiriburutik 550 kilometro ekialdera dago Elazig.

Lurrikarak loaldi betean harrapatu zituen probintzia horretako bizilagunak; goizeko 04:22 baitziren aurreneko astinaldia izan zen unean. Basyurt barrutian izan zuen epizentroa lurrikarak. Eskualde horretan lagun asko bizi ez bada ere, gutxienez sei herritan biktimak eta kalteak eragin zituen seismoak.

Ockular, Yukari Demirci eta Yukari Kanatti herrietan izan dira kalterik latzenak. Ockularren izan dira, hain zuzen ere, kalterik larrienak, 900 bizilagun inguruko herri horretako etxe gehienak lurrera bota baititu minutu bat iraun zuen astinaldiak. «Herria txikituta geratu zaigu», adierazi du Ockularko alkate Hasan Demirdagek. Herri honetan zenbatu dituzte ere biktima gehienak; hamazazpi lagunen gorpuak atera baitituzte etxe hondakinen artetik.

Jukari Demirci herrian ere gorriak jasan dituzte; han hamahiru lagun atera dituzte etxeen hondakinen azpitik. Yukari Kanattin ere etxe gehienak lurrera bota ditu astinaldiak, eta hiru lagunek bizia galdu dute. «Dena lurreratu da; ez da harri bakar bat ere zutik geratu», azaldu du herriko alkate Yadin Apaydinek.

Erdoganen promesa

Astinaldiaren eraginez erori diren etxe gehienak lurrez eginikoak ziren. Hormigoiz eginikoak ez dira horrenbeste hondatu. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak, egoera horren berri hartzean, iragarri du hemendik aurrera eraikiko diren etxeak ez direla lurrez egingo. Gobernuburuak jakinarazi du armadako helikopteroek behin-behineko eraikinak eramango dituztela ahalik eta azkarrena, lurrikara izan den eskualdera.Ilargi Gorriko salbamendu taldeak honezkero lanean ari dira Elazigen. Eskualde menditsu hartara joateko, beharrezkoa da helikopteroa; izan ere, elurteek oztopo ugari sortzen dituzte. Ockular herria, esaterako, 1.800 metrotan dago.

Cemil Cicek Turkiako lehen ministrordea beste hiru gobernukiderekin gerturatu zen atzo lurrikarak astindutako eskualdera.Gobernuburuordeak lurrera erori ez diren eraikin bakanetan ez sartzeko gomendatu die herritarrei; izan ere, eraikin horiek kaltetuta izan dira, eta ohartarazi dute astinaldi nagusitik landa egon diren errepliken ondorioz erori egin daitezkeela. Zehazki, atzo iluntzea artean, berrogei bat erreplika hauteman ziren, horietatik batek, 5,5eko indarra izan zuelarik Richter eskalan.

Turkiako Larrialdietarako Ministerioak sorospen gune bat jarri du Elazigen. Lurrikaran senideren bat galdu edo zaurituak izan diren lagunak joan dira azken orduetan toki horretara.Iluntzean zabaldutako balantzearen arabera, lurrikararen ondorioz zauritutakoak 71 ziren. Hildakoen behin-behineko kopurua, berriz, 51koa izan dela zehaztu dute agintariek; aurretik, lurrikaran bizia galdu zutenen kopurua 57koa zela zehaztuta bazuten ere. Muammer Erol Elazig eskualdeko gobernadoreak, lurrikara izan eta hamar ordura, hondakinen artean jada ez zela inor gelditzen adierazi zuen: «Hondakinen artean, ez da beste inor geratzen». Adituen arabera, baina, goiz da horrelako baieztapen bat egiteko.

Herritarren lekukotzak

Sorospen gunera artatze lanak egitera joandako lagunak herritarren ikararen lekuko izan ziren. Astinaldia izan zen unean lotan zeudela eta, beraz, lurrikarak erabat ustekabean harrapatu zituela adierazi zuten herritarrek. «Ahal bezain azkar etxetik kanpo atera naiz, eta orduan ikusi dut inguruko etxe guztiak lurrean zeudela», adierazi du emakume batek. Auzoko etxearen hondakinen artetik, eskuekin nola edo hala izeba bat eta haren bi haurrak atera dituela baina ordurako hilak zeudela azaldu dio emakumeak salbamendu taldeetako kide bati.

Atzoko lurrikara izan zen eskualdea bi plaka tektonikoren topagunean dago. Hortaz, lur astinaldiak maiz jasaten ditu; Anatolia eskualde osoan izan ohi dira tarteka seismoak. Hondamen natural horiek biktima ugari ere eragiten dituzte, etxeak ez direlako lur astinaldiei aurre egiteko egokituak; lurrez egindakoak izan ohi dira. Esate baterako, 1999. urteko abuztuaren 17an, 7,4 indarreko lurrikara batean 18.000 lagun inguru hil ziren han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.