Mundua

Txadeko erreboltariak Djamena hiriburuan dira

Zenbait iturriren arabera, menpean hartu dute hiria, eta Idriss Deby presidentearen jauregia erortzear egon daiteke. Erreboltariak nagusituz gero Txad erakundetik kanpo geratuko dela ohartarazi du Afrikako Batasunak. Frantziako Gobernuak sostengua adierazi du Deby presidenteari.

2008ko otsailaren 2a
18:44
Entzun
Nazioarteko albiste agentzien arabera, Txedeko Herri Fronteko milaka erreboltari sartu dira azken orduetan Djamena hiriburuan, eta zenbait iturriren arabera, dagoeneko haien menpe dago hiria. Gerrillariek hiria "oso erraz" hartu dutela azpimarratu dute iturri horiek.

Quatarko Al Jazeera telebistako berriemailea da Djamenan dagoen nazioarteko kazetari bakanetako bat, eta azaldu duenez, goizean zehar borroka gogorrak entzun dira hiriburuan. Arma automatikoak eta artilleria astuna erabili dute Txadeko Armadak zein gerrillariek.

Herri Fronteko ordezkari batek telebista kate horri agertu dionez, "kalez kale eta etxez etxe" ari dira borrokan "Txad Idriss Debyren amesgaiztotik askatzeko". Hiriburua ez ezik, bost eskualde kontrolpean dituztela erantsi du.

Txadeko Atzerri ministro Ahmed Alamik, berriz, ukatu egin du hiriburua erreboltarien menpe dagoela. Gobernuaren arabera, Sudanen babesa dute erreboltariek. Nolanahi ere, gaur goizean Txadeko irrati ofizialak saioak egiteari utzi dio, eta ez dago gertatzen ari denari buruzko informazio ofizialik.

Frantziak eta AEBek beren herritarrak Txadetik ateratzeko planak abian jarri dituzte: enbaxadetara joateko eta alde egiteko prestatzeko agindu diete Txaden diren frantziar eta estatubatuar guztiei. Lehenengo hegaldia gaur bertan abiatuko dela baieztatu du Parisek. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere beren funtzioarioak ateratzea erabaki du.

Afrikako Batasunak ohartarazi du baldin eta erreboltariak nagusitzen badira Txad kanporatu egingo dutela erakunde horretatik. Frantziako Gobernuak, berriz, erreboltarien saioa gaitzetsi du eta sostengua adierazi dio Deby presidenteari.

Txad Frantziaren kolonia izan zen 1960 arte. Historia gatazkatsua izan du azken urteetan, batetik, barne taldeen arteko borrokaren ondorioz, eta, bestetik, auzoko herrialdeekin, batik bat, Libiarekin eta Sudanekin, dituzten harreman tirabiratsuen eraginez.

Idriss Deby egungo presidentea 1990ean iritsi zen agintera, Hisene Habre aurreko estatuburua gobernutik indarrez kendu ondoren -Frantziako zerbitzu sekretuen laguntza izan zuela esaten da-. Debyk ezarri zuen indarrean aurreneko aldiz alderdi askoko demokrazia parlamentarioan oinarritutako erregimena. Hala ere, hauteskundeetan iruzur egitea, ustelkeria, eta aurkari politikoen kontra errepresio bortitza erabiltzea egozten diote; halaber, Zawana klana, berea, herrialdearen gidaritzan jartzea. Txadeko 10 milioi herritarren %1,5 dira zawanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.