Itxkeriako Errepublika Txetxeniarreko Atzerrirako Informazio Zerbitzuko zuzendaria da Movladi Udugov, hau da, Txetxeniarrek 1997an hautatutako Aslav Maskhadov presidenteak eratutako gobernuko buruetako bat. Errusiak 1999an Txetxeniaren aurka abiatutako bigarren gerra dela eta Maskhadoven gobernua zein legebiltzarkideak sasian dira, han-hemenka sakabanatuta, errusiarren zein Moskuren aldeko administrazioko polizien eta paramilitarren erasoak saihesteko. Esaterako, iaz Errusiako Fiskaltza bitan saiatu zen Turkiak Udugov atxilotu eta estradita zezan. Egun, ezkutuan jarraitzen du. Berriari posta elektroniko bidez eskaini dio elkarrizketa.
Maskhadoven gobernuak «zilegitasunik gabekotzat» salatu zituen iazko urriko hauteskundeak. Zein da orain duen jarrera ofiziala?
Txetxeniako Estatuaren jarrera ofiziala sinple eta argia da: absurdua da beste estatu batek okupatutako estatu batean hauteskundeak egitea. Inbaditzaileak gure lurretik egotzi arteko gerra dago martxan; orain ezin dira Txetxenian bozak egin.
Urrikoak bezala, oraingo bozak ere Moskuk antolatuak dira. Moskuren aldekoak ez diren hautagaiek aukerarik izan al dute horietan parte hartzeko?
Hara, nabarmendu beharreko kontua da hau: Txetxeniako Estatuak bere presidentea eta bere gobernua ditu. Inbaditzaile errusiarrak antolatzen saiatzen ari direna prozesu politikoaren profanazioa da, inbasio eta gerra egoeran.
Alu Alkhanov Moskuren kutuna eta bozetarako faboritoa da. Segituko al du Akhmad Kadiroven ildo politikoa? Ba al du gatazkarekiko jarrera ezberdina?
Alu Alkhanov, Akhmad Kadirov eta Errusiaren beste txotxongiloak nazioaren traidoreak dira eta Txetxeniako agintariek traizioagatik bilatzen dituzte. Nazioaren traidoreen politikari dagokionez, denak gauza batean bat datoz: Txetxeniako estatuaren inbasioa ziurtatzea. Halako politiken kontra ari gara gerran. Alkhanoven patua hauxe da: herri txetxeniarraren eskutik gaitzespena eta heriotza, haren aitzindari Kadirovi gertatu zitzaion bezalatsu.
Hauteskunde demokratikoa eta libreak ez direla dioten salaketak salaketa, nazioarteko hainbat erakundetako ordezkariek haiek ikuskatuko dituzte, urrian egin zuten bezala. Ez al da bozei halako zilegitasun bat emateko modua?
Gerra egoeran erabateko erokeria eta zentzugabekeria da hauteskundeez hitz egitea. Nazio Batuen Asanblea Orokor osoa show hau ikustera etorriko balitz ere, ez litzateke inolako aterabiderik izango. Esan dezaket Txetxenia okupatura iruzurraren lekuko izatera datorren behatzaile delako zeinahi errusiarren konplize gisa ikusia izango dela, horrek dakartzan ondorio guztiekin...
Iaz Vissarion Gugushvilik[Txetxeniako Gobernuko Ekonomia aholkulari eta Estatistika Saileko buru ohia]Berriari zera esan zion: «Txetxeniar guztiak gerra presoak dira eta herrialdea kontzentrazio eremu erraldoi bat da». Horrekin ados zaude?
Egia biribila da hori. Benetan, gaur egun Txetxenia kontzentrazio eremu erraldoi bat da. Txetxeniarrak, haurrak ere, Kremlinaren banden bahituak dira; hauek gure herria inbaditu zuten, Sobiet Batasunetik geratu ziren armak erabilita. Eta gaur egun hiltzaileen eta sakikoen kontra borrokatzen ari gara. Beren muina hautsi eta gerra kriminalak zigortzeko erabateko determinazioa dugu.
«Soilik Errusiako Armada erretiratu ondoren egin daitezke hauteskunde libreak Txetxenian» ere esan zuen Gugushvilik...
Zilegizko gobernua dugu, gure Konstituzioa dugu, zeinak zehazten duen noiz eta nola aldatu behar den boterea herrialdean. Jakina, herrialdea inbaditua eta gerra egoeran dagoen artean lekuz kanpo dago edozein botere aldaketa.
'Kavkaz Center' webgunean Maskhadovek esana: «Mujahidinek [borrokalariak] Moskuren aldeko hurrengo presidentea hilko dute, Kadirovekin egin bezala». Zer-nolako harremanak ditu gerrillari txetxeniarrekin?
Maskhadov presidentea Txetxeniako Estatuko Indar Armatuen komandante burua da. Eta tropa txetxeniar guztiak, herri erresistentziaren unitate gerrillariak barne, bere agindupean daude.
Zein da Legebiltzarrak eta Maskhadoven gobernuak duten benetako boterea?
Azken bost urteotan agintari txetxeniarren benetako boterea erakusten joan gara, munduko estaturik handienaren kontra gerra egiten. Zer froga gehiago behar dira Txetxeniako Gobernuaren eta estatuaren zilegitasuna erakusteko?
Eta Moskuren aldeko presidente berriak zer-nolako boterea izango du?
Ez dago Moskuren aldeko presidente-rik; inoiz ez da halakorik izan eta ez da izango. Traidoreak eta txotxongiloak egon dira, inbaditzaileen armetan oinarrituta. Hauen muina hautsiko dugunean, txotxongiloen eta traidoreen boterea bukatuko da.
Zein da Txetxeniako egoera sozial eta ekonomikoa?
Bere lurrean gerra pairatzen duen zeinahi herrialdearen antzekoa da. Sinetsi ezin daitekeen txetxeniarren biziraupenerako ahalmenari esker, jendeak bizimodua atera eta duintasunez eusten dio.
Errusiak iheslari eremuak itxita, zein egoeratan daude Ingushetian diren errefuxiatu txetxeniarrak?
Moskuk Ingushetiako errefuxiatu gune guztiak itxi ditu, baina dozenaka mila txetxeniar etxe pribatuetan eta apartamentuak alokatuta bizi dira. Ez dute Txetxenia okupatura itzuli nahi, Errusiako zerbitzu sekretuek eta Ingushetiako txotxongiloek eginiko presioa jasanagatik ere.
Zein uste duzu dagoela Errusiako bi hegazkinen erorketaren atzetik? Gerta daiteke Moskuk txetxeniarrei leporatzea eta Txetxenian eraso olde gogorragoak egiteko erabiltzea?
Ez dakigu [asteazkenean] zein dagoen airekoen erorketaren atzetik, baina gaur egun gauza jakina da 1999an Moskuko apartamentu blokeen kontrako leherketak FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak [KGB ohia] antolatu zituela. Horren gainean liburuak eta filmak kaleratu dira.
Airekoen erorketaren kausak zeinahi direla, zer ondorio izango dute Txetxeniarako?
Txetxenian orain arte gertatu dena baino gauza okerragorik ezin da gertatu. Horrexegatik, zernahiri aurre egiteko prest gaude.
TXETXENIAKO HAUTESKUNDEAK. «Inbaditzaileek antolatu dutena prozesu politikoaren profanazioa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu