Txetxenian orain dela hamar urte hasitako «terrorismoaren aurkako operazioaren» amaiera iragarri eta astebetera, lau barrutitan salbuespen neurriak jarriko dituela jakinarazi du Errusiak. Txetxeniako gerrillariak behartu ditu erabaki hori hartzera, 1999tik indarrean zen operazioa bertan behera uzteko argudioen artean, horiek garaituak zituztela bazegoen ere.
Txetxenia hegoaldeko Itum-Kali, Shali, Shatoi eta Vedeno barrutietan atzotik da indarrean salbuespen egoera. Horren ondorioz, Errusiako Barne Ministerioko unitate bereziek eta Moskuren aliatua den Txetxeniako Gobernuko segurtasun indarrek pertsonak eta ibilgailuak arakatzeko eskubide osoa dute, egunez nahiz gauez. Eskualde horietan, gainerat, joan-etorriak mugatuak izango dira, eta militarrek zorrotz kontrolatuko dituzte. Neurri guzti horiek ez dituzte aplikatuko Txetxeniako gainontzeko 11 eskualdetan.
«Matxinoek euren erasoak areagotu dituzte barruti hauetan, eta, jaso dugun informazioaren arabera, bertako agintarien zein segurtasun indarren kontrako oldarraldiak prestatzen ari dira», dio Errusiako Barne Ministerioko barne txosten batek. «Terroristen helburuen artean Groznin [Txetxeniako hiriburuan] eraso eta sabotaje ekintza andana gauzatzea legoke», dio jarraian txosten horrek berak.
Erabaki horrek, dena den, gezurtatu egin du Moskuk orain dela astebete eginiko jakinarazpena; hots, Txetxenian amaitu zituztela «terrorismoaren aurkako operazio guztiak». Hil honen 16an eman zuen Errusiak erabaki horren berri. Alabaina, biharamunean bertan, borrokak izan ziren soldadu errusiarren eta gerrillari txetxeniarren artean, Kaukasoko herrialde horretako hegoaldean. Liskar larriena joan den asteazkenean gertatu zen, Errusiako Barne Ministerioko unitate berezietako bi kidek bizia galdu zutelarik, Akhoi-Martan barrutiko Bamut herritik hurbil eginiko segada batean.
Salbuespen egoera berriro indarrean jarri aurretik, herenegun, hiru gerrillari atxilotu zituztela iragarri zuten Errusiako eta Moskuren menpe diren Txetxeniako segurtasun indarrek.
Txetxeniatik at ere indarkeria
Txetxeniako borrokak ez dira bakanak, baina. Inguruko herrialdeetan, izan ere, indarkeria ohikoa da. Hala, Dagestan Errepublikako Barne Ministerioak gerrillari talde bateko buruzagiak, Zakir Novruzovek, bizia galdu zuela jakinarazi zuen atzo. Dagestango segurtasun indarrekin izandako borrokaldi batean hil zen Novruzov. Aurrez aurrekoan polizia bat ere hil zen.
Kabardino-Balkarian, berriz, gerrillako beste buruzagi bat hil zuten; Zeitun Sultanov, hain zuzen. Errusiako FSB zerbitzu sekretuek emandako datuen arabera, Sultanov muturreko talde islamista bateko buruzagia zen.
Vladimir Putin Errusiako orduko presidenteak 1999ko urrian eman zion hasiera Txetxeniako gerrilla independentista amaitzeko operazio militarrari. «Terrorismoaren aurkako operazio» gisa aurkeztutako gerra basati horretan, 100.000 lagunek galdu zuten bizia; hots, Txetxeniako biztanleriaren %10ak. Giza eskubideen defentsarako nazioarteko erakundeek behin eta berriro salatu dituzte Errusiako militarrek eta Moskuren menpeko den Txetxeniako Gobernuaren segurtasun indarrek eginiko gehiegikeriak.
Hala, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak (Estrasburgo, Frantzia) Errusia kondenatu zuen herenegun, 2001 eta 2004.urteetan hamahiru txetxeniar bahitu, torturatu eta exekutatzegatik. Estrasburgoko epaitegi horrek biktimen senitartekoei Moskuk eman beharreko kalte-ordainak zehaztu ditu: 4.200 eta 35.000 euro bitartekoak, hain zuzen.
Hamahiru txetxeniar horiek Errusiako Barne Ministerioko unitate bereziek eta Txetxeniako presidente Ramzam Kadiroven Poliziak bahitu zituztela uste dute. Senideek hilabeteak pasatu zituzten euren berri jakin gabe, ahalik eta hilik aurkitu zituzten arte. Denek tortura zantzuak zituzten.
Txetxeniako lau barrutitan berriz indarrean da salbuespen egoera
Errusiak «terrorismoaren aurkako operazio gune» gisa sailkatu ditu berriro Itum-Kali, Shali, Shatoi eta Vedeno eskualdeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu