TXILE. LURRIKARA. Hondamena «begien bistakoa» da 700dik gora hildakorekin

Richter eskalan 8,8 graduko lurrikarak eragindako kalteei aurre egiteko 22.260 milioi euro beharko dituztela dio Piñerak

2010eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Michelle Bacheleten agintaldia zeremonia handirik gabe amaituko da, larunbateko lurrikarak eragindako hondamendiak ilunduta. Krisiak luzerako dirudi, baina, eta Sebastian Piñera kontserbadoreak ere ez du hasiera erraza izango presidente kargua hartu berritan. Hilaren 11tik aurrera izango da hori. «Lurrikarak egindako kalteei aurre egiteko, sektore publikoaren nahiz pribatuaren aldetik ahalegin ikaragarria beharko da, berreraikuntzak luze joko baitu», esan du Bacheletek. Piñerak kalkuluak egin ditu: «Errepide sareak izan dituen kalteei Interkonektatutako Sistema Zentralean izandakoak gehitzen badizkiogu, eta zuntz optikoan edo kostaldean jasandakoak batuz gero... Ez dut zifra zehatzik, baina 30.000 milioi dolar ingururen kalteak izango direla kalkulatzen dut». Richter eskalan 8,8 graduko lurrikarak eurotan 22.260 milioiren galerak eragingo ditu; giza tragedia, haatik, agerikoa da jada.

«Denborak aurrera egin ahala, hondamendiaren tamaina begien bistakoa bihurtu zaigu; ezin genuen hura aurreikusi», onartu zuen atzo Bacheletek, Txileko jarduneko presidenteak. Lurrikara gertatu eta gutxira, zenbatutako hildakoak 80 bat baino ez ziren, eta haiek askoz gehiago ez zirela izango esan zuen Edmundo Perez Yomak, Barne ministroak.Lurrikaran hildakoak gutxienez 723 dira orain, eta guztira bi milioi inguru biktima izan daitezkeela jakinarazi dute. «Txileko historian orain arte inoiz izan ez den larrialdi egoeran gaude», azaldu du azkenean Bacheletek, gertatutakoaz jabetzea kosta bazaio ere. Eta, hala, NBE Nazio Batuen Erakundera eta EB Europako Batasunera jo du laguntza eske. Hondamendiari aurre egiten laguntzeko konpromisoa agertu dute biek.

Santiago hiriburutik hegoaldera dauden bi eskualdetan, Maulen eta Bio Bion, salbuespen egoera indarrean da herenegundik. Epizentrotik gertuen dauden eskualdeak dira horiek; eta han eragin ditu lurrikarak kalte handienak. Iturri ofizialen arabera, 1.500.000 eraikin inguru erori dira. Larunbateko lurrikarak, izan ere, bortitz mugitu zuen lurra, Haiti txikitu zuen lurrikarak baino 50 aldiz indar handiagoz. Txilekoak Karibeko uhartekoak bainoegoera hobean egonda ere, askok ez dute zutik mantentzerik izan.

Kaosa Concepcionen

Jacqueline Van Rysselberghe Concepciongo alkateak berak lurrikarak «kaosa» eragin zuela zioen herenegun. Supermerkatu, etxebizitza eta negozioetan, arpilatzeak nonahi gertatzen ari zirelako, neurriak hartzeko eskatu zion Santiagoko gobernuari. «Marine-ak eta militarrak behar dira kaleetan, egoera kaotikoa baita». Gobernuak salbuespen egoera indarrean jarriz erreakzionatu zuen. «Ordena mantentzeko eta giza laguntza banatzeko», halaber, 10.000 soldadu inguru bidali ditu.

Hainbat herri eta hiritan, gainera, etxeratze agindua ezarri dute agintariek. Agindu hori urratzeagatik, hain zuzen, dozenaka lagun atxilotu dituzte -ehundik gora lagun hartu dituzte preso-. Herritarrak, baina, haserre daude, toki askotan ur, janari eta argindarrik gabe daudelako oraindik.

«Burundin ere, tsunamia»

«Egiak maiz min ematen du, baina onartu egin behar da. Itsas armadak oker larri bat egin zuen. Seigarren eta Zazpigarren eskualdeetako kostan gertatutakoa tsunamia izan zen. Eta tsunamia tsunami da, hemen eta Burundin».Francisco Vidal Txileko Defentsa ministroak hitz horiekin, gordin, onartu du Gobernuaren hankasartzea. Izan ere, ez zuen lurrikarak eragindako tsunamia aurreikusten jakin, eta, horregatik, kostako herri askotan, Maule eta Bion Bio eskualdeetan bereziki, eraikinak eta herritarrak, denak eraman zituen aurretik. Constitucion herrian, besteak beste, 300 bat hildako zenbatu dituzte dagoeneko. Lurrikara gertatu eta hogei minutura iritsi zen olatu erraldoia Txileko kostaldera.

Juan Fernandez artxipelagoan ere ez zituzten herritarrak tsunamiaren etorreraz ohartarazi. Zazpi metroko olatu baten ondorioz, itsasotik gertuen zeuden herrixkak urak estali zituen. Eta, ondorioz, gutxienez sei lagun hil ziren. Adituek, hala ere, teknikoki tsunamia zela ukatu egin zuten hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.