Bi herrialdeen arteko harremana oraindik ere baldintzatu egiten du Pazifikoko gerrak (1879-1883). Txilek 400 kilometro luze eta 120.000 kilometro koadro dituen eremu bat konkistatu zion Boliviari itsasertzean. La Pazen arabera, galera horrek zaildu egin du Boliviaren garapen ekonomikoa, eta nazioarteko zuzenbideak Txile behartu egiten du irtenbide bat negoziatzera. Boliviak ez dio lurraldea itzultzeko eskatu; Boliviako Gobernuaren arabera, Txilek azken urteotan hainbat hitzarmenetan irtenbide bat negoziatzeko konpromisoa hartu du, eta ez du bete. Horregatik, nazioarteko zuzenbidea urratzea leporatu dio. Txileren arabera, ordea, 1904an egin zuten bake hitzarmenak bukatuta utzi zuen auzia.
114 urte geroago, Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaimahaiko hamabortz kideetatik hamabik erabaki dute Txilek ez duela inoiz hartu irtenbide bat negoziatzeko konpromisoa, beraz, ez dute behartuko hori egitera. Hala ere, elkarrizketan jarraitzeko eskatu diete bi herrialdeetako gobernuei.