Txileko espetxean hildakoen senideek salaketa jarri dute Estatuaren aurka

Barkamen Legea baliatzeko deia egin du Eliza katolikoak, kartzeletan dauden pilaketak amaitzeko

Erredakzioa
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lurrikaragatik, meatzarien salbamenduagatik eta orain Santiagoko San Miguel espetxean gertatutakoagatik albiste iturri izaten ari da Txile azkenaldian, gertaera guztiak Sebastian Piñerak presidentetza hartuz geroztik. Baina 81 preso kiskalita hil dituen suteagatik Gobernua ez da meatzariekin gertatutakoagatik bezala onik atera, biktimen senideek Estatuaren eta Jendarmeriarenkontra salaketa jarri dute eta, «arduragabekeriagatik». Hainbat arrazoi eta froga badirela ondorioztatu dute Gobernuaren ustezko utzikeria eta portaera ikertzeko.

Ezbeharrean 81 preso hil ziren, hiru oso larri daude, eta beste hamalauk ere erredura larriak dituzte. Hildakoetatik 66 hamar metro koadroko ziega batean zeudela diote presoek, liskarren ondorioz koltxoiak erretzen hasi zirela, modu txarrean zeudela, eta gainerakoak pasilloan eta beste ziega batean zeudela; han hil eta zauritutako guztiak behar baino leku txikiagoan zeudela.

Sutea piztu zenean lau zaindari baino ez zeudela ere baieztatu du eguneko bisiten ardura zuen tenienteak. Hain zuzen, langileek euren egoera kaskarra salatzeko protesta antolatua zuten atzoko, baina bertan behera utzi zuten gertatutakoagatik. Sutearen ostean sortu den zalapartaren ondoren, berriz, armada joan da lekua zaintzera.

Lekukoen arabera, zaindariek ezin zuten egoera kontrolatu, eta suhiltzaileei deitu aurretik denbora gehiegi igaro zela esatenari dira. Preso batzuek beste batzuk erretzen ikusi zituztenean suhiltzaileei deitu zietela ere zabaldu dute, eta elkarrizketa horien grabazioak dituztela, frogatarako.

Zaindariak bezala, presoen senideak ere aspaldian zeuden kezkaturik egoeraz, eta gertaeraren berri izan bezain laster joan ziren hara, zer pasa zen jakitera eta protesta egitera. Presoen arteko liskarretan piztu zen sutea, espetxeko arduradunen arabera, baina horiek berandu baino lehen saihets zitezkeela uste dute senideek. 1.900 preso zeuden 1.100 lagun sartzen diren espetxean.

Gertatutakoa ikertu bitartean gorpuak identifikatzen jarraitzen dute, baina egun batzuk beharko dituzte, batzuk oso egoera txarrean daudelako. Gutxienez 50 preso DNA bidez identifikatu beharko dituztela esan dute.

Pilaketaren polemika

Sebastian Piñera presidentea ez da espetxera joan han senideekin egotera, Copiapoko meategiaren aurrean egin zuen bezala, baina distantziatik eta polemika piztu denean aitortu du presondegiaren baldintzak ez direla behar bezalakoak, eta hori amaitu behar dela. «Presoen baldintzak erabat gizagabeak dira, Txileko espetxeen egoera jasangaitza da, eta norabidea aldatu behar da». Egoera hori bere gobernuak aurreko legegintzalditik jasotakoa dela nabarmendu du, eta «lehenbailehen zuzendu» behar dela egoera. Espetxeek behar baino %70preso gehiago dituzte kasu onenetan, eta batzuetan %200 gainditzen dute ahalmena.

Arazoari irtenbidea emateko moduari buruz hasi dira hitz egiten, Eliza katolikoa besteak beste,eta hango arduradunentzat Barkamen Legea izan daiteke egokia espetxeetako jendetzaren arazoa amaitzeko. «Ez gara espetxeak husteaz ari, pilaketa saihesteko neurriak hartzeaz baizik», argitu du Valparaisoko artzapezpiku Gonzalo Duartek. Sutea izan aurretik ere hitz egin izan dute presoak askatzeko aukeraz pilaketak amaitzeko, joan den ekainean azkena, eta eztabaida sutsua izan zen alderdien artean. Elizak dio zaharrenek, gaixoenek eta zigor parterik handiena bete dutenek eta portaera ona dutenek dutela lehentasuna.

Baina Txileko Gobernua ez dago prest neurri hori hartzeko. «54.000 presoren artean gutxi batzuek izango lukete onura, eta, gainera, hori ez da irtenbidea». Neurri «ausartak» proposatzen ditu, «espetxeratzea ez dadila izan aukera bakarra», Felipe Bulnes Justizia ministroaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.