Latinoamerika

Txileko presidenteak etxeratze agindua kendu du

Milioi batetik gora herritarrek protesta egin dute bart Santiago hiriburuan. Piñerak esan du bihar kenduko duela larrialdi egoera, "baldintzek uzten badute".

Milioitik gora herritar elkartu ziren atzo Santiagon. RODRIGO SAEZ / EFE
2019ko urriaren 26a
19:12
Entzun

Txilen diktadura bukatu zenetik (1990) egin duten manifestaziorik handiena izan zen bart egin zutena. Sebastian Piñerari boterea uzteko eta erreforma sozial sakonak egiteko exijitu zuten milioi batetik gora herritarrek. Manifestazioaren tamainaren, garrantziaren eta arrakastaren zalantza Piñerak berak ere ez du zalantzan jarri, gaur eman duen hitzaldi batean. "Txiletarren ariman oso presente zegoen mezu bat ikusi dugu, guztioi iritsi zaigun argitasunarekin adierazi baitute. Atzoko martxa mezu indartsua izan da. Txiletarren gehiengo ikaragarri batek Txile bidezkoago eta solidarioago bat nahi duela dioen mezua. Guztiok entzun dugu mezu hori. Guztiak aldatu gara, eta beste jarrera bat dugu".  

Egoera bideratzeko neurri gisa, Piñerak ministro guztiei eskatu die dimisioa emateko, eta esan du beste gobernu bat osatuko duela.

Etxeratze agindua "pixkanaka" kentzen hasi direla jakinarazi du armadak ohar batean. Militarrek betetzat jo dute helburua, "gertakari larriak gutxitzea" lortu dutela iritzita.

Joan den astean hasi zituzten protestak Txilen, metroko txartelen salneurriak igotzearen kontra. Manifestazioen tamaina handitu egin zen, eta, Poliziaren errepresio gogorraren ondorioz, gobernuaren politika neoliberalen aurkako mobilizazio handiagoa bihurtu ziren hasierako protesta haiek. Piñerak salbuespen egoera ezarri zuen hiriburuan eta hainbat eskualdetan, eta armadari botere bereziak eman zizkion protestak zapaltzeko. 

Gutxienez hemeretzi pertsona hil dituzte istiluetan; estatuak berak aitortu du horietako bost gutxienez militarrek hil dituztela. Zaurituak 600 inguru izan dira, eta atxilotuak, berriz, 6.000. Nazio Batuen Erakundea ikerlari talde bat bidaltzekoa da, estatuko indarrek oinarrizko eskubideak urratu ote dituzten ikertzeko. Piñerak gaur esan du "ekintza biolentoak bukatu diren bermea" dutenean biktimen inguruko "balantze bat" argitaratuko dutela.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.