Joan den abuztuaren 5ean erroizte bat izan zen Copiapo hiriko San Jose meategian (Txile). Horren ondorioz, 33 meatzari harrapaturik geratu ziren 700 metroko sakoneran. Abuztuaren 22an Txileko salbamendu taldeek meatzariak bizirik zeudela baieztatu zuten zunda bati esker. Ordutik, 33 gizonengana heltzen saiatu dira bi zulagailuren bidez.
Atzo eguerdian, 33 egunean lanean aritu eta gero, B Planeko zulagailuak meatzariak harrapatuta dauden garajeko sabaia apurtu zuen. Orain, zulagailuak egindako zulotik -624 metro luze eta 66 zentimetro zabal da- meatzariak banan-banan ateratzen saiatuko dira. Aurretik, Txileko agintariek erabaki beharko dute hodia erabat edo zati batean altzairuz sendotu edo ez. Neurri horrek beste astebetez atzeratuko luke meatzariak ateratzea.
Zulagailua meatzariengana heldu zela jakin eta segituan, lur azalean dauden senide eta lagunek albistea ospatu zuten meategian bizileku moduan eraiki zuten Esperanza kanpalekuan.
Salbamendu konplexua
Txileko Meatzaritza ministro Laurence Golbornek hurrengo pausoak «presarik gabe» emateko garrantzia azpimarratu du. Hoditik sartzen lehenak salbamendu militarreko aditu bat eta Txileko marinako erizain bat izango dira. Horiek meatzariengana jaitsi eta igoerarako prestatuko dituzte. Igoera lau metro luze eta 53 zentimetro zabal den metalezko kaiola baten barruan egingo dute, lur azaleko garabi batek lagunduta. Igoera operazio bakoitzak ordubeteko iraupena izango du. Horrenbestez, posible da bi egun behar izatea harrapatutako 33 langileak ateratzeko.
Oraindik ez dute erabaki 33 gizonak zein ordenatan irtengo diren. Alabaina, salbamenduetan aplikatzen den irizpideari jarraiki, ateratzen lehenengoak habilenak izango dira. Gero, biktima ahulenak eta gaixo daudenen txanda izango da, eta, azkenik, indartsuen iraun dutenak. Lur azalean lehen osasun azterketa egingo diete, eta ostean helikoptero batek ospitalera eramango ditu.
Txilen lortu dute harrapatuta dauden 33 meatzariengana heltzea
Abuztuaren 5etik lur azpian dauden gizonak salbatzeko lanak astebete gehiagoz luza daitezke oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu