TXINA. Alderdi Komunistak lidergorako bidea erraztu dio Xi Jinpingi

Txinako presidenteordea Batzorde Militar Zentraleko kide izendatu dute; armadaren babesarekin presidentetza eskura dezake

2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Batzorde Militar Zentraleko bigarren izendatu dute Xi Jinping, gaur egun Txinako presidenteorde dena. Kargu hori giltzarri izango da datorren urtean Alderdi Komunistako buruzagi berria aukeratzen dutenerako, baita 2012an Hu Jintaok presidente kargua uzten duenerako ere. Izan ere, militarren babesa alde izanda, iragarpenek Xiren alde egin dute: gauzak orain arte egin diren moduan egiten badira, hemendik bi urtera bera izendatuko dute presidente. Erregimen komunistari eusten dioten hiru zutabeetan karguren baten jabe da Xi dagoeneko: Alderdi Komunistako Batzorde Iraunkorreko bederatzi kideetako bat izateaz gain, gobernuan presidenteorde lanetan dihardu, eta aurrerantzean armada zuzentzen duen batzordean ere izango da.

Alderdi Komunistaren urteko biltzarrean erabaki dute Xi Jinping Batzorde Militar Zentraleko kide bihurtzea. Atzo amaitu zuten kongresua; eta atzo eman zuten, halaber, hartutako erabakien berri. Lau egunez egin dituzte bilerak, ateak itxita eta sekretupean, eta horregatik, ez dute xehetasun handirik eman: Xiren alde egitea erabaki dutela eta hurrengo bost urteetarako ekonomia planari oniritzia eman diotela, baina ez askoz gehiago.

Erreforma politikorik, haatik, ez dute iragarri. Liu Xiaobo disidente txinatarrari Bakearen Nobel saria eman ziotenetik, Mendebaldea berriro presio egiten hasi zaio Pekingo gobernuari; halaber, etxean ere ehunka lagun bildu dira erreforma demokratikoak eskatuz. Ez dute aldarrikapen horiek askorik mugitu, ordea,Alderdi Komunista. Urteko kongresuan ere, hala, ez da Mendebaldeko agintariek espero zuten eztabaidarik gertatu.

Alderantziz, Txinaren oraingo garai ezegonkorretan alderdiaren gidaritza eta lidergoa indartzeko apustua egin dute buruzagi komunistek. «Alderdi komunistaren aginte gaitasuna hobetzeko, gogor lan egin behar dugu. Herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialaren lidergoan lehiakor izateko duen berezko gaitasuna indartu behar dugu», dio alderdiak argitara emandako agiri ofizialak.

Txinako Alderdi Komunistan 78 milioi lagun daude afiliatuta egun -munduan kide gehien duen alderdia da-. Horregatik, zail egiten da hura koordinatu eta kide denak helburu bakar baten alde dihardutela bermatzea. Hala eta guztiz ere, hura zuzentzea egokitu zaienentzat alderdia bera Txinaren helburuak gauzatzeko «bermea» da.

Erreforma ekonomikoak

Gaur-gaurkoz ezer gutxi atera da argitara Xi Jinpingen soslai politikoaz; nazioartean gutxik ezagutzen dute, eta txinatarren artean gehienek bera baino hobeto ezagutzen dute emaztea: Peng Liyuan; izan ere, folklore txinatarreko izar bat da hura, eta entzute handikoa, ondorioz.

Haatik, bera nabarmendu da Alderdi Komunistaren urteko biltzarrean. Eta, Willy Lam Hong Kongeko Unibertsitate Txinatarreko irakasleak ondo adierazi duen moduan, ohitura bihurtu den gisa, militarren babesa bermatu ondoren gertatu da. «Mao Zedongen tradizioari segitzen dio Alderdi Komunistak; pistolaren kanoia da botere iturri oraindik»; alegia, herrialde gidatuko duena zein izango den erabakitzeko orduan armadaren iritziak pisu handia duela.

Hu Jintao presidenteak ere beste bat zuen begiko, izan ere. Li Keqiang lehen ministrordearen figura nahi zuen nabarmendu -Li Gazteria Komunistako kide da, eta fakzio horrek beti egin du presidentearen alde-. Hori dela eta, askok uste dute hurrengo lehen ministro bera izango dela.

Xi Jinping, berriz, printze komunista da; iraultza komunistan heroi izandako baten ondorengoa, eta, beraz, agintean egoteko hezia. Printze komunistek alderdikosektore kontserbadoreenak ordezkatzen dituzte.



Xi Jinping

Printze komunista

Txinako presidenteorde da egun Xi Jinping, eta 57 urte ditu. Xi Zhongxun, aita, gerrilla komunisten sortzaile izan zen, eta heroitzat daukate horregatik. Haren seme delako deitzen diote printze komunista Xi Jinpingi. Hori dela-eta uste da agintari izateko sortu zutela.





«Maoren tradizioari segitzen dio Alderdi Komunistak: pistolaren kanoia dabotere iturri oraindik»

WILLY LAM
Hong Kongeko Unibertsitate Txinatarreko irakaslea




Japoniaren aurka protestak egin dituzte, hainbat irlagatik

Japoniako Gobernuak gaitzetsi egin ditu Txinako hainbat hiritan asteburuan egin dituzten protestak. Diaoyu uharteen harira piztu dira protestak -Japoniak beretzat nahi ditu uharte horiek-. Atzo bertan ehunka gazte kalera irten ziren Wuhan, baina Txinako Poliziak aurre egin zien, eta liskarrak sortu ziren horregatik.





370

Batzorde Militar Zentrala. Alderdi Komunistako 370 kidek osatzen dute Txinako Batzorde Militar Zentrala, eta horrek kontrolatzen du herrialdeko armada. Presidentetza eskuratzeko, ezinbestekoa da gaur egun batzorde horretako kide izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.