Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria Afrikan da hil hasieratik, 11 eguneko bidaia ofizial batean; kontinenteko zazpi herrialdetara joanen da. Bisitatuko dituen herrialde guztiak dira adierazgarriak, bai AEBekin dituzten harremanengatik, bai, hainbat arrazoi direla medio, nazioartean hartu duten garrantziarengatik. Baina Clintonek 11 eguneko bidaian Txina izanen du gogoan, Asiako herrialdeak azken hamarkadan Afrikan lortu duen eraginarengatik.
Horren adibide da bidaiaren lehen egunean, hilaren 1ean, Senegalgo hiriburu Dakarren erran zituen solasak. «AEBek elkarlan iraunkor baten eredua sustatuko dute, balioak gehituko dituena, bertatik erauzi beharrean». Izenik erran ez bazuen ere, guztiek ulertu zuten Txinari buruz ari zela, are gehiago hau gehitu zuenean: «Amerika demokraziaren eta giza eskubide unibertsalen defentsan egonen da beti, nahiz eta errazagoa izan daitekeen bertze aldera begiratu eta baliabide naturalak ateratzen jarraitzea». AEBek Txinaren aldean duten ustezko nagusitasun moralean oinarritu zuen Clintonek diskurtsoa, Washingtonek Afrikan Pekinek baino zilegitasun handiagoa duela argudiatu nahian.
Clinton, «egiatik urruti»
Txinak, noski, ez ditu ongi hartu Clintonek Dakarren botatakoak. Xinhua agentzia publikoak titular aski adierazgarri bat paratu zion atzo AEBetako Estatu idazkariaren bisitaren inguruko berriari: «Txinaren eta Afrikaren artean desadostasuna sortzeko AEBen konplota porrotera bideratuta dago». Clintonen akusazioak «egiatik erabat urruti» daudela dio Xinhuak, eta Txinak Afrikarekin dituen harremanak «adiskidetasunean eta berdintasunean» oinarritzen direla.
Errealitatea da AEBek kezkatzeko arrazoiak badituztela, joan den hamarkadan Txinak Afrikako bazkide ekonomikoen lehenbiziko postutik kendu baitzituen. Lan diplomatiko handia egin du Pekinek kontinente horretan, eta horren adibide da FOCAC Txina-Afrika Lankidetzarako Foroa. Afrikako eta Txinako agintariak biltzen dira bertan, eta lehenbizikoz 2000. urtean elkartu ziren. Azkenekoz, duela bi aste, Pekinen. Bertan, Hu Jintao Txinako presidenteak iragarri zuen Afrikan «bakea eta garapena» sustatzeko «lehentasunezko bortz alor» lagunduko zituztela. Plan horretan, Pekin prest dago Afrikako herrialdeei azpiegiturak, nekazaritza, industria eta enpresa ertainak eraikitzen laguntzeko 16.000 milioi euroko kreditua emateko, milaka herritarrentzat formazio programak finantzatzeko eta AB Afrikako Batasunari segurtasun arloan finantzazketa eta trebakuntza emateko.
Izan ere, Pekinek dio Afrikarekin duen merkataritza eredua bidezkoa dela, hau da, Txinak balantzaren bertze aldean zerbait uzten duela. «Ironikoki, Mendebaldeko potentzia kolonialak ziren outsider-ak», idatzi du Xinhuak. «Haiek Afrikara joan ziren eta onura guztia atera zuten, ordainetan deus utzi gabe, edo deus gutxi utzita, Clintonen hitzak erabiliz».
Ezkerreko pentsalarien artean ere eztabaida sortzen du Txinak Afrikan duen jardun ekonomikoak: bidezkoa ote den, inperialismoa ote den, bertze neokolonialismo era bat... Errealitatea da bai AEBek, bai Txinak Afrikan duten interesa kontinente horrek dituen baliabide natural aberatsen ustiapenean dagoela: munduko potentzia nagusiaren tituluari eusteko batak, eta bide horretara daraman hazkunde ekonomikoari eusteko bertzeak.
Sudan eta Uganda
Clintonen bidaiaren bigarren geltokia Txinari ahalegin berezia eskatzen dion plazan egin du: Hego Sudanen. Izan ere, Txina Sudanen aliatua zen —eta da—, eta hango petrolio ustiapenean —eta bertzelako azpiegituretan— inbertsio handiak zituen. Petrolio zelai gehienak, ordea, hegoaldean zeuden, eta Mendebaldeko herrialdeak izan ziren Hego Sudanen independentziaren babesle handienak. Bi herrialdeak banatu arren, elkarren arteko gatazka ez da itzali, nagusiki petrolioaren banaketa dela eta. Salva Kiir presidentearekin elkartu zen atzo Clinton, Juban. Konponbidea lortzeko Kiirrek Sudani egindako eskaintza ekonomikoari babesa eman dio Clintonek. Hegoaldearen independentziak Txina desplazatuta utzi duela eman dezakeen arren, Pekinek zerbaiterakutsi badu, harreman diplomatikoetarako malgutasuna erakutsi du. Washingtongo Unibertsitate Amerikarreko irakasle eta Txinako politikako aditu Deborah Braugtimanen iritziz, 2008an Txinak presionatu zuen Sudan, hark Hego Sudanen independentzia onar zezan, Pekinek Afrikan «politikoki eta ekonomikoki arriskurik ez duten lekuetan egiten baititu inbertsioak», hau da, gatazkatsuak ez diren herrialdeak bilatzen dituela.
Txinak Sudanekin duen harremana da, hain zuzen, AEBek gehien kritikatu duten gauzetako bat, giza eskubideen inguruko diskurtsoarekin. Washington, ordea, ez da libratzen etikaren inguruko kritikez. Horren adibide, Hego Sudanen ondoren Clintonek atzo bertan bisitatu zuen herrialdea: Uganda. AEBek harreman estua du herrialde horrekin, baina Ugandak zerikusi handia izan du inguruko herrialdeetan ezegonkortasuna sortu duten gatazketan; Sudanen bertan, eta batez ere Kongoko Errepublika Demokratikoan, oraindik ere.
Txina gainditzeko, 11 egun
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak bidaia bat hasi du Afrikan, Pekinek joan den hamarkadatik kontinente horretan lortu duen nagusitasun ekonomikoari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu