TXINA. OLINPIAR JOKOEN ATARIAN. Hamasei polizia hil dituzte Xinjiangen atentatuan

Erasoa bere gain inork hartu ez badu ere, Poliziak Xinjiango talde armatu musulmanei egotzi die

arantxa elizegi egilegor
2008ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Txinako Olinpiar Jokoak direla eta, segurtasun neurriak zorroztu dituzte herrialde hartan. Izan ere, datozen egunetan milaka kirolari, turista eta kazetari espero dituzte, eta Jokoak perfektuak izatea nahi dute agintariek. Dena kontrolpean izatea, ordea, ezinezkoa da. Horren froga da atzo Xinjiang probintzian izandako atentatua. Hamasei polizia hil eta beste hainbeste zauritu zituzten, Kashgar hiriko polizia etxearen aurkako eraso batean.

Iturri ofizialen arabera, zaborrak biltzeko kamioi batean hurbildu ziren bi ekintzaile polizia etxera, eta metro batzuetara zeudenean granada bat jaurti zuten eraikinaren aurka. Ondoren labanekin eraso zieten poliziei. Borroketan hamalau lagun hil ziren, eta beste bi, erietxera bidean. Bi ekintzaileak atxilotuta eraman zituzten.

Erasoa inork bere gain hartu ez badu ere, Txinako Gobernuak jada seinalatu du ustezko erantzulea: Turkestango Alderdi Islamikoa. Xinjiang probintziak aritzen den talde armatu islamikoetako bat da hori. Uztailaren amaieran, erakunde horrek berak bere gain hartu zituen bost atentatu, tartean bi autobus publikoren kontra egindakoak. Pekinek, baina, gezurtatu egin zuen autobusetan izandako leherketak atentatuak izan zirela.

Borroka amaigabea

Pekindik 4.000 kilometrora dago Kashgar, Tadjikistango mugatik gertu. Uigurrak -musulmanak gehienak- dira nagusi han, Xinjiang osoan bezala. Uigurren borroka aspaldikoa da. XX. mendearen erdian independentzia aldarrikatzera ere iritsi ziren, baina 1949an, Gobernu komunistarekin, autonomia osoa galdu zuten. Geroztik Pekinen aurkako borroka etengabea izan da. Gaur egun, Xinjiang probintziak -Tibetek bezala- badu nolabaiteko autonomia. Baina uigurrek salatzen dute Pekin beren kultura zapaltzen ari dela, eskualdera han etniako herritarrak bidaliz. Han etnia gehiengoa da Txinan, eta uigurrak kexu dira, maiz kanporatu egin izan dituztelako han etniako jendeari toki egiteko. Horrek guztiak gogortu egin du Pekinen aurkako jarrera, eta erakunde batek baino gehiagok ohartarazi dute Olinpiar Jokoen aurka egingo dutela.

Pekinek Olinpiar Jokoak baliatu nahi ditu nazioartean duen irudia hobetu eta ekonomiari bultzada bat emateko. Horiek hala, segurtasun neurri zorrotzak jarri ditu, ezustekorik gerta ez dadin. Pekinen, esaterako, 34.000 polizia zabaldu ditu; eta paperik gabeko etorkinak kanporatzeko agindua eman du. Hiriburuaren inguruetan, berriz, hainbat kontrol gune ezarri ditu eta sartu nahiz irteten den orori dokumentazioa eskatzen diote.

Manifestazioak, debekatuta

Oposizioko kideen aurkako neurriak gogorragoak dira. Asko atxilotu egin dituzte hainbat egunez, inolako kargurik gabe. Hou Wenzhuo giza eskubideen aldeko ekintzailea, adibidez, hemezortzi egunez eduki zuten preso. Beste askori, berriz, protestarik egiten badute atxilotu egingo dituztela ohartarazi diete.

Ustezkoekintzaileak ere atxilotu dituzte, erasoak prestatzeaz akusatuta. Txinako Gobernuko iturrien arabera, bost talde armatu desegin eta 82 lagun atxilotu dituzte azken egunetan. Uztailean, berriz, bost lagun tiroz hil zituzten, «gerra santua» egiteko prestatzen ari zirelakoan. Nazioarteko adituen ustez, baina, Pekingo agintariek «puztu» egin dute balizko erasoen inguruko informazioa, talde etniko txikien aurka egiteko. Horiek egozten diote Gobernuari, salaketak eta atxiloketak egin bai, baina ustezko ekintzaileen aurkako frogarik ez erakustea. Aldiz, nazioarteko agintariek bat egin dute Pekinekin, eta sostengua agertu diote terrorismoaren aurkako borrokan. AEBek, esaterako, zerrenda beltzean sartu dute Turkestango Alderdi Islamikoa.



Olinpiar zuzia, lurrikarak suntsitutako eskualdean

Maiatzaren 12an, 90.000 lagun hil ziren Sichuan probintziako Mianyang hirian, zortzi graduko lurrikara baten ondorioz. Olinpiar zuzia hara iritsi zen atzo. Milalagunek baino gehiagok jarraitu zioten zuziaren ibilbideari, eta salbamendu lanetan aritu zirenei omenaldia egiteko baliatu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.