Txinako Herri Biltzar Nazionalak arindu egin du gaur seme edo alaba bakarra izatera mugatzen zuen legea, eta berreziketa esparruak desegitea erabaki du. Txinako Alderdi Komunistak duela hilabete eta erdi hitzeman zuen hainbat erreforma sozial eta ekonomiko abiatuko zituela; horien artean zeuden gaur bertan behera utzitakoak.
1957an ezarri zituzten berreziketa esparruak, Mao Zedong presidente zela. Horiek kentzea erabaki dute "euren zeregin historikoa bete eta gero", Xinhua berri agentzia ofizialak esan duenez. Horietan zigorra betetzen ari direnak aske geratuko dira.
Seme edo alaba bakarraren legea ere moldatuko dute. Bikoteek bi seme-alaba eduki ahal izango dituzte. Lehen, soilik bi gurasoak seme edo alaba bakar ziren kasuetan baimentzen zitzaien bi seme-alaba izatea; orain ordea, bi gurasoetako bat seme edo alaba bakarra izatea nahikoa izango da.
Espero dute erreforma horrekin urtean bi milioi haur gehiago jaioko direla Txinan. Egun, zazpi milioi ume jaiotzen dira urtean herrialde horretan.