Txinan 156 lagun bederen hil dira, uigur gutxiengoaren protestetan

Uigur etniako bi kide jipoitu eta hil izana salatzeko protestaren ostean sortu dira istiluak; ehunka lagun atxilotu ditu Poliziak

mikel p ansa
2009ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Tiananmengo 1989ko gertaerez geroztik, Txinan jazo den liskar handienetako bat piztu da Xinjiang eskualdean, Urumqi hiriburuan. Txinako Gobernuaren arabera, 156 lagun hil dira, eta beste 828 zauritu, igandeaz geroztik. Uigur etniako bi kide hil izana salatzeko, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek igandean. Diasporako uigur taldeen arabera, Polizia manifestariei oldartu zitzaienean hasi ziren istiluak. Txinako Gobernuaren esanetan, ordea, erbestean bizi diren uigurrek piztu dute sua. Nolanahi ere, han etniako txinatarrak nahiz uigur etniakoak daude zaurituen artean.

Zifra gogorragoak eman ditu Uigur Herriaren Mundu Batzarrak. Erakunde horretako Alemaniako eledun Dolkun Isak adierazi du 600 lagun baino gehiago hil direla. Erakunde bereko lehendakariorde Asgar Canen arabera, berriz, 800 dira hildakoak. Xinjiang eskualdeko agintariek ere aitortu dute hildakoen kopuruak gora egin lezakeela oraindik. Poliziak, berriz, ehunka lagun atxilotu ditu. Haien artean, dozena bat «zirikatzaile» atxilotu dituztela adierazi du Poliziako buru Liu Yahouak, baina beste 90 bilatzen dihardutela azaldu du. Atzo goizaldean etxeratzeko agindua ezarri zen Urumqi hirian, Poliziak kontrol puntuak jarri zituen hiri barruan, eta Internet eta telefono lineak etenda daude.

Shaoguango lantoki batean gertatu zen erasoa gaitzetsi nahi zuten uigurrek herenegungo manifestazioan. Txinatar olde batek uigur etniako bi lagun hil zituen ekainaren 26an, eta beste 118 jipoitu zituen. Neskato bi bortxatzea egotzi zieten uigurrei. Enpresako langile ohi batek asmatua bide zen akusazioa, eta Poliziak atxilotu egin zuen langile ohia hargatik. Ehunka lagun bildu ziren protesta egitera, igandean, Urumqi hirian, justizia eskatzeko. Diasporako uigurren arabera, 1.000 eta 3.000 lagun arteko multzoa osatu zuten manifestariek.

Txinako indar armatuak agertu ziren protesta egiten ari ziren lekura. Orduan, Erdaoqiao merkatuan tiro eta leherketa hotsak entzun zirela azaldu du Poliziak. Xinjiango agintarien arabera, hainbat «gaizkilek» jendea erasotzeari ekin zion makil eta labanaz, eta 261 ibilgailu kiskali zituzten -haien artean, 190 autobus, 10 taxi eta Poliziaren bi auto-. 203 denda eta 14 etxebizitza suntsitu zituztela ere adierazi dute.

Istiluen erantzukizuna

Txinako Gobernuak uigurren bizkar jarri du liskarren ardura. Zehazki, Rebiya Kadeerri egotzi dio Interneten mezuak zabalduz istiluak eragitea. Kadeer Uigur Herriaren Mundu Batzarreko kide da, eta Txinako indar armatuen jokabidea gaitzetsi du, «manifestazio baketsuaren» aurka oldartzeagatik. Txinako agintariek Shaoguango hilketak «behar bezala» ikertu balituzte,istiluak saihestu ahal izango ziren, Kadeerren ustez. Atxilotuak askatzeko eta hildako zein zaurituei ordaina emateko eskatu du.

Xinjiang eskualdean bizi diren 20 milioi biztanleetatik %46 dira uigurrak; %39 han etniako txinatarrak dira. Uigurrak gutxiengo dira Xianjiangen, beren jatorrizko lurraldean. Txinako Gobernuak Xinjiang eskualdea «kolonizatu» nahi duela salatzen urteak daramatzate uigur etniako kideek; haien ustez, Gobernuak han etniako kideak -txinatarrak- Xinjiangera bideratzen ditu, uigur biztanleria ordezkatzeko.

Europaren erantzuna

Txinako presidente Hu Jintaok ez du Xinjiango istiluei buruzko adierazpenik egin. Italiako Errepublikako presidente Giorgio Napolitanorekin eta lehen ministro Silvio Berlusconirekin bildu zen Txinako presidentea atzo. Napolitanok adierazi zuen ekonomiaren garapenarekin batera, Txinak «betebehar berriak» dituela giza eskubideei dagokienez. Baina Txinaren eta bertako erakundeen autonomia errespetatzen duela azaldu zuen. Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok, berriz, adierazi du «pixkaka-pixkaka, aurrerapen garrantzitsuak» egin dituela Txinak giza eskubideen alorrean.

Bestela mintzatu da Europako Parlamentuko presidente Hans-Gert Pottering: «Oso kezkagarria da nola maneiatu diren manifestazioak». Txinari giza eskubideak errespetatzeko eskatu dio Potteringek. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-Moonek ere ohar bera bidali dio Txinako Gobernuari.

Bestalde, Hagan (Herbehereak), Txinako enbaxadaren aurrean, protesta egin zuten 200 bat lagunek atzo. Haietatik 60 atxilotu zituen Poliziak, enbaxadari harriak botatzea egotzita.



Uigur etniaren gatazka

1933. Ekialdeko Turkestango Errepublika sortu zen, uigurren altxamenduaren ostean. Txinak eskualdea hartu zuen.

1944. Ekialdeko Turkestango Bigarren Errepublika ezarri zuten uigurrek. 1949an errepublika desegin zuen Txinako Askapenerako Armada Herritarrak.

1955. Uigurren Xinjiango Eskualde Autonomoa sortu zuen Txinako Gobernuak.

1990. Xinjiango Baren eskualdean 50 uigur baino gehiago hil ziren, independentzia eskatzeko protestatzen ari zirela.

1997. Independentzia eskatuz Guljan bildu zirenen aurka oldartu zen Polizia. Bederatzi uigur hil ziren, Txinako Gobernuaren arabera; ehundik gora hil zirela salatu zuten uigurrek.

2003ko abuztuaren 27a. Ekialdeko Turkestango Mugimendu Islamiarra -independentziazalea- talde terroristen zerrendan sartu zuten AEBek.

2007ko urtarrila. Txinako Poliziak 18 ekintzaile uigur hil zituen hilaren 5ean, eta 17 lagun atxilotu. Polizia bat ere hil zen. Hilaren 27an, 15 uigur atxilotu eta beste bi hil zituen Txinako Poliziak Urumqin.

2008. Pekingo Olinpiar Jokoen aurka ekiten saiatzea egotzita, 115 uigur baino gehiago atxilotu zituen Poliziak martxoa eta apirila artean. Abuztuaren 10ean Kuqa hirian hainbat lehergailu zartatu ziren supermerkatu, gobernu eraikin eta hoteletan. Lagun bat hil zen erasoetan, eta 10 ekintzaile Poliziarekin aurrez aurrekoetan. Abuztuaren 13an, bestalde, NBEko ordezkari bereziak uigurrak torturatzea leporatu zion Txinari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.