Txinako esne ekoizle handienek esne likidoa substantzia toxikoekin nahastuta merkaturatu dutela eman dute jakitera agintariek. Horrek herritarren psikosia areagotu baino ez du egin; izan ere, esne hauts kutsatua kontsumitzeagatik lau haur hil dira dagoeneko. Melanina gehiegi hartzeagatik giltzurrun harriak sortu dizkiete 6.244 haurri. Errudunak gogor zigortuko dituztela agindu dute Txinako agintariek; hala ere, horien aurkako kritikak ere indartu egin dira gertatutakoa hilabetez ezkutatzen saiatu direla argitara atera eta gero.
Hiru esne marka ezagunetan aurkitu dute melanina: Bright, Mengniu eta Yili. Azken hori Txinako Olinpiar Jokoen babesle izan da. AQSIC Kontrol, Ikuskaritza eta Berrogeialdiko Estatu Administrazioak aztertutako 1.202 produktu sorten artetik 24 kutsatuta zeudela jabetu da. Melanina kopuru handiena Bright markako esnekietan antzeman dute.
EBko ateak itxita
Kutsatutako esnearen haritik, hemezortzi lagun atxilotu dituzte dagoeneko. Hala ere, gertatutakoa ikertzeko Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak azterketa sakonagoa egiteko eskatu die Txinako agintariei. «Sei hilabete baino gutxiago dituzten haurrei bularra emateko gomendatu izan dugu betidanik, elikatzeko modu seguruena baita», azaldu du Peter Salama Unicefeko Osasun Departamentuko buruzagiak. Europako Batzordeak, berriz, mugako kontrolak indartzeko agindu die estatu kideei. Txinako agintariei, halaber, kutsaduraren gaineko informazioa eskatu die.
AQSICen arabera, melanina daraman esneak ez du arrisku handirik pertsona helduentzat. Substantzia toxiko dezente kontsumituagatik ere, 60 kilo baino gehiagoko pertsonei ez die kalterik eragingo, egunean bi esne litro baino gutxiago edanez gero. Haurren kasua, ordea, oso bestelakoa da. Nahastutako esne hautsak nahasmenduak sor ditzake haur jaio berrien gernu aparatuetan.
Txinan, esne hautsean ez ezik, likidoan ere melanina topatu dute agintariek
Herrialdeko hiru esne marka nagusik merkaturatutako esnekietan aurkitu dute substantzia toxikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu