Bi urteko heriotza zigor baliogabetzeduna ezarri dio Hefei hiriko auzitegiak Gu Kailairi, Nail Heywood Erresuma Batuko enpresariaren hilketaren erantzule eginda. Txinako Alderdi Komunistako lider ohi Bo Xilairen emaztea da Gu. Alderdiak Chongqing hiriko buruzagi kargutik kendu zuen Bo martxoan azalpenik eman gabe, baina, adituen arabera, Xi Jinping presidenteordearen buruzagitzarako bidea errazteko izan zen. Emaztearen zigorraren ondotik, baina, askok Heywooden hilketarekin lotu dute politikaria bera.
Hilaren 9an epaitu zuten Gu eta aitortu zuen berak hil zuela Heywood enpresariarekin izandako gatazka ekonomiko bategatik. Guk Txinatik diru kopuru handi bat ateratzen laguntzeko eskatu zion Heywoodi eta horrek, trukean eskatutako ordainsaria ematen ez bazion salaketa jartzearekin mehatxatu zuenean, «ahulaldi mentala» izan zuela eta hil egin zuela azaldu du Guk. Hala, Hefeiko auzitegiak bi urteko baliogabetzedun heriotza-zigorra ezarri dio. Espetxeko lehen bi urteetan krimenik egiten ez badu, bizi arteko zigorrarekin ordezkatuko diote, eta hortik aurrera, kondena murriztuko diote «portaera ona» izaten badu.
«Boren inplikazioa» argitzeke
Gu errudun jo badute ere, «bere senarrak kasuan duen inplikazioa» oraindik argitzeke dagoela adierazi du auzitegiko bozeramaile Tang Yiganek. Hain justu, Chongqingen Boren mandatupean lan egin zuten lau polizia epaitu dituzte eta epaileek azaldu dute «hilketa ezkutatzearen errua» egotzi dietela. Frogak faltsutu eta gordetzeagatik hamaikana urteko zigorra ezarri diete.
Txinan, heriotza zigorretik libratu da Gu Kailai
Alderdi Komunistako lider ohi Bo Xilairen emazteari Erresuma Batuko enpresari bat hiltzea egotzi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu