'Udaberri arabiarra' «galdutako aukera bat» izan da AIren ustez

Mundu osoko giza eskubideen inguruko Urteroko Txostena aurkeztu du Amnesty Internationalek

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Iazko gatazka soziopolitiko handiena, herrialde arabiarretako matxinadak edo Udaberri arabiarra izenez ere ezagun egin dena giza eskubideen onarpenean sakontzeko «galdutako aukera bat» izan da AI Amnesty Internationalentzat. «Politikarien basakeria eta axolagabekeria» aipatu ditu arrazoitzat, baina potentzia handien jarrera ere kritikatu du; adibidez, AEBena eta Erresuma Batuarena Bahraingo errepresioa ez gaitzesteagatik, eta Errusiarena Siriari armak saltzeagatik. Horietako gatazka handienetako batean, Libian, AIk salatu du NATOk ez duela bere ekintzen inguruko ikerketarik ireki, eta Muammar Gaddafiren ondorengo erregimenak ez dituela milizien «gehiegikeriak» geldiarazi.

Arabiar herrialdeetako matxinadek garrantzi berezia hartu dute AIren Urteroko Txostenean. 2011n 155 herrialdetan giza eskubideen egoera aztertu du bertan.

Ameriketako Estatu Batuak

AIk AEBei eginiko salaketa nagusiak bi dira: «terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan metodo hilgarriak» erabiltzea, eta espetxeetan eta atxiloketa guneetan presoei ezarritako «baldintza krudelak». «Metodo hilgarrietan», Osama bin Ladenen hilketa aipatu du. AIren arabera, AEBek erabaki zuten Al-Qaedaren aurkako borrokan ez zituztela zertan nazioarteko zuzenbidean ezarritako giza eskubideak onartu behar. Barack Obamak Guantanamo ixteko hitza eman eta bi urtera, 171 presok han jarraitzen zutela ere salatu du AIk.

Errusia

2010ean bezala, iaz ere elkartzeko eta manifestaziorako eskubiderako trabak eta hedabideen adierazpen askatasunari paratutako mugak nabarmendu ditu AIk Errusian. Bereziki aipatu ditu iazko «hauteskunde polemikoen» harira izandako manifestazio eta istiluak, eta ustelkeria salatzeko zailtasunak. Kaukaso iparraldeko nazioen egoera ere «irregularra eta ezegonkorra» dela erran du AIk. Dagestanen estatuko indarrek egindako exekuzioei, desagerrarazteei eta torturei buruzko txostenak daudela dio.

Hego Sudan

Iaz lortu zuen independentzia Hego Sudanek, beraz, lehenbiziko aldiz agertu da AIren txostenean. Giza eskubideen arloan «dena» egiteko duela dio gobernuz kanpoko erakundeak. komunitateen arteko borrokak, desplazamendu masiboak, eta, oro har, independentzia lortu zuenetik edukitako gerra egoera etengabea dira Hego Sudanen traba nagusiak.

Israel

AIren arabera, Israelek lehengo lepotik du burua palestinarrekin duen jarreran. Tel Avivek «gehiegizko indarra» erabili du Zisjordanian, eta Gazaren aurkako blokeoa mantendu du. 55 zibil hil ditu palestinarren lurraldetan, horietako 11 haurrak, eta bertze 35 errefuxiatu Libanoko eta Siriako mugetan. Armadak milaka palestinar atxilotu ditu, eta horiek torturatzea «ohikoa» da.

Maroko

AIk Mendebaldeko Saharako auzia nabarmendu du bertze behin Marokori buruzko atalean. Sahararren adierazpen askatasunaren eta elkartzeko eskubidearen aurkako errepresioa, eta ekintzaileen espetxeratzeak salatu ditu. 2010eko Agdaim Izikeko eta Aaiungo gertakarien inguruan ikerketa independente bat ez ireki izana ere kritikatu du. Fronte Polisarioa ere salatu du, ordea. «Ez ditu neurriak hartu 1970eko eta 1980eko hamarkadetan Tindufeko kanpalekuetan giza eskubideak urratu zituztenen zigorgabetasuna amaitzeko».

Txile

Txilen, ikasleen protestetan atxilotutakoek jasandako tortura eta tratu txarrak salatu ditu AIk. Poliziak «jipoiak» eman eta «sexu indarkeria erabiltzeko mehatxuak» egin ditu, erakundearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.