Aldaketa sozial, politiko eta ekonomiko betean da ekialde hurbila. DÖKH Kurdistango Emakume Askeen Mugimendu Demokratikoaren arabera, ordea, "iraultzon aurretik indarrean zegoen 'statu quo'-ak zein sortzen ari diren egiturek ez dute asmatu emakumeen bazterkeria gainditzen". Horregatik, Ekialde Hurbileko Emakumeen I. Konferentzia antolatu du DÖKH-k Ipar Kurdistango Amed hirian. Atzotik bertan bilduta daude 27 herrialdetako 250 ekintzaile, Ekialde Hurbileko emakumeei eragiten dieten botere harremanak aztertu eta haien aurkako estrategia komunak bilatzeko.
Atzoko saioan ekialde hurbileko emakumeen historia eta haiek inplikatuta egon diren prozesuak aztertu zituzten. Hainbat herrialdetako errealitateak aztertuta, bi ondorio nagusitara iritsi dira, Ayse Gokhan antolaketa batzordeko kide eta Nisebineko alkateak ANF berri agentziari azaldu dionez: "Bi mila urte daramatzagu izenik gabeko gerran patriarkatuaren aurka. Baina gizonek idatzitako historiak munduan zabaldu duen ustea da emakumeok ez garela antolatu".
Zatiketa politiko eta administratiboen ondorioz, eskualdeko emakumeen mugimenduak saretzea falta izan da orain arte. Batean eta bestean prozesu antzekoak ikusi dituzte, ordea: prozesu iraultzaile guztien amaieran, emakumea berriz etxera itzuliarazi dute, prozesu politikoak ez duelako egiturazko sexismoaren aurka egin.
Arazo hori gertakari politiko berrienetan ere ikusi dute. "Udaberri arabiarra, izatekotan, gizonezkoen udaberria izan da", hausnartu du Gokhanek: "Emakumeak oraindik jazarriak eta indarkeriaren biktima badira, ezin du emakumeen udaberria izan".
Gaurko eta biharko saioetan, eredu aldaketak parekideak izateko nola eragin dezaketen eztabaidatuko dute. Ekialde hurbileko emakumeek mendebaldetik jasotzen dituzten presio eta aurreiritziez ere hitz egingo dute: "Pentsakera patriarkalaren ondorio gisa, batzuek islamari botatzen diote errua, eta besteek sekularismoari. Baina, funtsean, botere politikoak bermatzen du gizonen nagusitasuna".