Mendeko epaiketa bete-betean, udal hauteskundeetarako bozen lehen itzulia egin zuten Brasilen igandean. Azterketa garrantzitsua zen Dilma Roussef Brasilgo presidentearen PT Langileen Alderdiarentzat. Azken hilabeteetan, hainbat buruzagi beldur ziren zer eragin zezaketen Brasil astindu duten ustelkeria kasuek. Azkenean, ordea, ez du analista askok espero bezalako porrotik jaso PTk. Hiri handietan 2008ko hauteskundeetako lehen itzulian baino alkatetza gutxiago lortu ditu —2008an sei hiriburu, eta aurten Goiania bakarrik—; guztira, hala ere, 612 alkatetza eskuratu ditu, duela lau urte baino 62 gehiago. Horri, Sao Paulo herrialdeko hiriburu ekonomikoan lortutako emaitza ona gehitu behar zaio, urriaren 28an egingo den bigarren itzulira igarotzea lortu baitu han, boto gehien lortu dituzten indarretan bigarrena izanda.
Sau Paulon, ustekabean, PRB Alderdi Errepublikanoa geratu da bigarren itzulitik kanpo, eta PTk PSDB Alderdi Sozialdemokrataren aurka lehiatu beharko du. PTko hautagai Fernando Haddadek PRBren eta PMDB Mugimendu Demokratikoaren babesa jasotzea espero du bigarren itzulian. Sao Pauloko alkatetza eskuratzea izan da Roussefen eta Luis Ignacio da Silva Lula presidente ohiaren lehentasuna, eta, horregatik, zuzenean hartu dute parte bertako hauteskunde kanpainan. Lulak berak aukeratu du Haddad hautagai gisa.
Orain, aliantzei begira
Sao Paulon ez ezik, 200.000 biztanletik gorako beste 21 hiritan ere igaro da bigarren itzulira Langileen Alderdia. Orain, hiriburu horietako alkatetzak lortzeko aliantzak egiteko zer nolako gaitasuna duen erakutsi beharko du alderdiak. Roussef boterera hamabost alderdiren babespean iritsi zen 2010ean, eta trukean hainbat ministerio utzi zizkien alderdi horiei.Azken hilabeteetan, ordea, Brasilen argitaratutako ustelkeria kasuengatik Roussefek aldaketak egitea erabaki du hainbat ministeriotan, eta horrek tentsioa eragin du koalizioko kideen artean, Sao Paulon hirugarren indarrik bozkatuena den PMDBrekin, esaterako.
Iazko uztailean, PR alderdiko Alfredo Nascimento Garraio ministroak eta beste hogei funtzionariok kargua utzi behar izan zuten, ustelkeria kasu batean zerikusia zutelakoan. Hilabete geroago, PMDB alderdiko Frederico Silva da Costa Turismoko ministrordea atxilotu zuten. Alderdi beraren kontrolpean zegoen Nekazaritza ministerioan ere kargua utzi zuen Milton Ortolan ministrordeak. Udal hauteskundeen bigarren itzulian ikusiko da azkenean ustelkeria kasu horiekzenbaterainoko kaltea eragingo dioten Langileen Alderdiari.
Udal bozetako lehen azterketa gainditu du PTk
Hiri handi batzuetan indarra galdu badu ere, 2008an baino alkatetza gehiago lortu ditu Langileen Alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu