Udal bozetan jasotako kolpea Irakekoarengatik izan dela onartu du Blairrek

AGENTZIAK - LONDRES
2004ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu du herenegungo udal hauteskundeetan izandako boto galeraren arrazoia Iraken eraso eta okupazioaren ondorio izan dela. Auzi horrek hauteskundeak ilundu ditu, lehen ministro laboristaren hitzetan. Jokoan zeuden 166 udaletatik 85etako datuak jasota, laboristek 212 zinegotzi galduta zituzten (773rekin geratuko ziren), kontserbadoreek 109 irabazita (674) eta liberal demokratek ere 62 irabazi zituzten (538). Gobernuko alderdi batek inoiz izandako emaitza txarrenak izan daitezke hauek.

Datuak hauteskunde orokorretan errepikatuz gero, laboristak hirugarren geratuko lirateke, aipatutako alderdien atzean. Kontserbadoreen ohorezko lehendakari Liam Foxek «ikusgarritzat» jo zituen beren emaitzak. David Blunkett Barne ministroak onartu zuen alderdia «zatituta» dagoela. «Ikaratuta sentitzen naiz ez ditugulako emaitza hobeak atera», adierazi zuen. Hala ere, baikortasun puntu bat erakutsi zuen ondoren: «Badakigu gau txarra izan dela, baina ez hondamendia. Hau ez da kontserbadoreen aireratzea izan». Adituen arabera, emaitzek eragin dezakete laboristen barruan kritikoak diren sektoreek buruzagia aldatzeko eztabaida irekitzea. Azken hilabeteetan zabaldu denez, Gordon Brown Ekonomia ministroa izan daiteke buruzagi berria 2005eko maiatza edo ekaineko bozei begira. Europako Legebiltzarrerako bozen emaitzek osatuko dute Blairren sostenguaren irudia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.