Munduarentzat misilen krisia bukatu zen, eta sobietarrek misilak atera zituztenean arnasa hartu zuen. Baina Kubarentzat ez da bukatu. Ez digute bakean bizitzen utzi, ezta kubatar gehienok aukeratu dugun bizimodua garatzen ere». Hori da Lazaro Oramas Euskadi-Kuba elkarteko kideak munduak ezagutu duen krisi nuklear larrienetik ateratzen duen ondorioetako bat. Gaurko egunez, duela 50 urte AEBetako zerbitzu sekretuek John Fitzgerald Kennedy presidenteari jakinarazi zioten bi egun lehenago hegazkin espioi batek Kuban atera zituen argazkiak sobietarren misil instalazio batenak zirela. Hortik aitzinera, krisi diplomatiko larria lehertu zen, hilaren 28an itzali zena. Gertaera historiko horren inguruko informazioa ugaria da, film eta dokumental ugari egin dira Kennedyren eta Nikita Khrustxev SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko presidentearen bulegoetan pasatutakoaren inguruan, baina bi erraldoien artean sortutako krisiaren erdian, Karibeko uharte bat izan zen protagonista, eta tartean harrapatu zituen hango herritarrak.
AEBek eta SESBek egindako kalkuluen arabera, bien arteko gerra nuklearra historiako suntsikorrena izanen litzateke, II. eta Mundu Gerrak hildako 60 milioi pertsonak erruz gaindituko lituzke. Arma nuklearrak erabiltzeak gizateriaren existentzia ere desagerraraz zezakeela ondorioztatu zuten. Eta balizko gerra horren sorlekua, 1962ko urrian, Kuba zatekeen. «Gazteok zaharragoei galdetzen genien ea ez zuten beldurrik sentitu egun haietan, baina jendeak ezetz erantzuten zigun», dio Tadeo Tapanes historialariak —Euskadi-Kuba elkarteko kidea ere bada—. Oramasek ere sentipen bera jaso zuen zaharragoengandik. «Ni haurra nintzen orduan, baina aitak azaldu zidan Kubako herria jada prestatuta zegoela egoera horretarako. Aita eta osabak mobilizatuta egon ziren egun horietan, eta haiek eta nire herriko bizilagunek kontatuta dakit herritarrek ez zutela galdu berezko grazia hori».
Lau urtean 400 atentatu
Tapanesek nabarmendu du sentipenak ezin direla orokortu, «denetarik egonen zen», baina uste du nagusiki ez zela larritasun egoera zabaldu herritarrengan. «Kubatarraren eta, oro har, latinoaren izaerak ere zerikusia du. Ez da bereziki herri gogoeta zalea, Alemaniakoa izan litekeen bezala, adibidez», azaldu du historialariak. «Jendeak abestiak egiten zituen, eta kubaneoa deitzen duguna nagusitu zen: arazoa pixka bat txantxetan hartzea, garrantzia handirik eman gabe eta, gehienbat, pitin bat matxista den jarrera horrekin: 'Borroka nahi badute, edukiko dute'».
Misilen krisia Gerra Hotzaren baitan gertatu zen. Bi potentziek mundu zabalean elkarren aurka zuten xake jokoan, SESBentzat aurrerapauso estrategiko handia zatekeen Kuban, AEBetako kostatik 170 kilometrotara irismen maila ertaineko misil horiek paratzea, jakinda aitzinetik Washingtonek Turkian zituela kokatuta, SESBen mugatik gertu. Oramasek eta Tapanesek nabarmendu dute, baina, nazioarteko testuinguru horrez gain, krisia ulertzeko berebiziko garrantzia duela Kubak garai horretan bizi zuen egoerak. Oramasen iritziz, nazioartean hutsune informatibo handia dago horren inguruan. «Ez analisi bakar batean, ez laburpen bakar batean ere ez dira agertzen misilen krisia sorrarazi zuten zergatiak zein diren». Egoera zein zen adierazteko datu bera nabarmendu dute Oramasek eta Tapanesek: lau urtean, 400 atentatu inguru egin zituzten uhartean iraultzaren aurkako taldeek. «Lau egunetik behin tamaina handiagoko edo txikiagoko eraso bat zegoen», zehaztu du Tapanesek.
Bi kubatarrek aipatutako testuingurua 1959ko urteberri egunean hasi zen, iraultzak boterea hartu zuenean. Handik lau hilabetera Fidel Castro iraultzaileen komandantea AEBetara joan zen bi herrialdeen arteko harremanak negoziatzeko, baina hango agintariek ez zioten jaramonik egin. «Hortik aitzinera hasi zen Kubaren aurkako AEBen jarrera erasokorra», Tapanesen arabera. Dwight Eisenhower presidente errepublikanoaren administrazioak abiarazi zuen Kubako gobernu iraultzailea eraisteko estrategia, ondoren Kennedy demokratak jarraipena eman ziona.
Estrategiak, batetik, zigorrerako neurri ekonomikoak hartzen zituen bere gain; adibidez, Kubako azukrea erosteari utzi zioten AEBek, historikoki haren bezero nagusia baziren ere. Geroago, 1962ko otsailean, Kennedyk blokeo ekonomikoa instituzionalizatu zuen, gaurdaino. Eta bertzetik, AEBek indarkeria ekintzak finantzatu eta prestatu zituzten, nagusiki iraultzaren aurkako kubatarrek eginak. «AEBetako Gobernuak erran zuen Kuban demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatzeko prest zegoen edonori ordainduko ziola», kontatu du Tapanesek. «Dei horren ondoren 180 talde agertu ziren. Aski zen lau lagun elkartzea, eta horietako talde batzuk ere bizirik daude oraindik». Horiek egindako ekintzen artean, uhartean egindako atentatuak eta «eraso piratak» daude. «Adibidez, txalupa motordun batean Kubako kostara hurbiltzen ziren, eta arrantzaleen herrixka bati edo ontziren bati metrailetekin tiro egiten zioten». AEBek aire erasoak ere egin zituzten lehenbiziko urte horietan, eta azukre kanaberen sailak erre zituzten, Kubako baliabide ekonomiko nagusia zirelako.
Giron eta 'Mangosta'
AEBen presio horren adierazle handiena 1961eko apirilaren 15ean gorpuztu zen, Giron hondartzako inbasio saioarekin —Bahia de Cochinos ere esaten zaio—. AEBek prestatuta eta armatuta, iraultzaren aurkako ehunka kubatarrek osatutako armada herrialdea hartzen saiatu zen, CIA zerbitzu sekretuetako agentziaren plan bati jarraituz. Lau egunen buruan, baina, gobernu iraultzaileak inbasioa erabat zapuztu eta egoera kontrolpean hartu zuen. «Iraultzaren aitzinetik, Kuba AEBen neokolonia bat zen», Oramasek dioenez, «eta harrituta gelditu ziren iraultza sozialista batek haien muturren parean irabazi zuelako».
Giron hondartzako inbasioa gaizki atera arren, Washingtonek ez zuen etsi, eta, jada Kennedyren agintepean, Mangosta operazioa diseinatu zuen CIAk, indarkeriaren eta zigor ekonomikoen bidez Kuban kaosa hedatu, eta gobernu iraultzailea desegiteko. Testuinguru horretan jo zuen SESBek Habanaren atea. «Sobietarren zerbitzu sekretuek informazio hori detektatu zuten, eta Kubako Gobernuari proposatu zioten misilak uhartera ekartzea», azaldu du Tapanesek. Bai historialariak, bai Oramasek argi utzi dute ekimena SESBena izan zela, baina Kubak hartutako erabakia logikoa iruditzen zaie, AEBen inbasio mehatxu etengabea zela eta. Oramasen ustez, misilak Kuban ezartzea «disuasio neurri bat» izan zen. «Kubak misilak onartu zituen, lehenik eta behin bere defentsarengatik, baina baita internazionalismoarengatik ere,SESBekiko elkartasunarengatik Turkian zeuden misilak zirela eta». Horregatik, Oramasek ezin du onartu Kubari egozteaSESBen «satelite» rola jokatzea. «Sobietarrek ez zuten zerikusirik izan iraultzarekin. SESBeko lehen goi kargua ez zen Kuban izan 1960 arte [Anastas Mikoian lehen ministrordea]. Misilena bi herrialde burujaberen arteko akordio militarra izan zen».
Kuba, ia esku hutsik
Tapanesek dio, ordea, ideiaSESBena izan zen heinean, Kuba haren interesen menpe egon zela «neurri batean». Adibidez, oroitarazi du Castrok misilen kokatzea jendaurrean egin nahi zuela, defentsarako zilegitasuna zutela argudiatuta, baina Khrustxevek ez ziola utzi. «Horrek abantaila eman zien AEBei, engainatu egin zituztelako, eta kubatarrak eta sobietarrak kontu zikinetan zebiltzala irudikatu zuelako.AEBek haien jarrera erasokorra justifikatzeko erabili zuten hori». Oramasek, berriz, misilek Kubari kalte politikoa eragin ziotela onartzen du. «Kubak berez ez zuen misilak edukitzeko interesik. Sobietarren base militar bat bihurtu zuten de facto, eta horrek Latinoamerikan kalte handia eragin zion bere irudiari».
Muturreko tentsio egun horiek 1962ko urriaren 28an amaitu ziren, Kennedyren eta Khrustxeven arteko akordioarekin. Amaiera, baina, mingotsa izan zen Kubarentzat, bi arrazoirengatik: bata, Castro negoziaziotik kanpo utzi zutelako, eta, bertzea, ez zituztelako kontuan hartu Kubak proposatutako bortz puntuak. Besteak beste, AEBek idatziz biltzea Kuba ez inbaditzeko konpromisoa, bertzelako erasoak amaitzea, blokeo ekonomikoa kentzea, eta Guantanamoko basea itzultzea. Kennedyk inbasiorik ez egiteko Khrustxevi hitzez emandako konpromisoa izan zen Kubak lortu zuen gauza bakarra.
Oramasen ustez, gertatu zenetik jasotako irakaspena da egoera hori ez litzatekeela errepikatu behar. «Munduak bizirik iraun beharra dauka, eta herriek bakean eta bidezko harremanean bizi behar dute». Hala ere, gaur egun gauza bertsua pasatzeko arriskua dagoela uste du. «Harrapakatzearen eta bertze herrialdeen baliabide naturalak jabetzearen filosofiak jarraitzen badu, demokraziaren eta giza eskubideen defentsa argudio baldartzat hartuta, berriz ailega liteke egoera horretara».
Kuba. Misilen krisiaren 50. urteurrena
Uharte bat, bi erraldoiren erdian
Duela 50 urte, gaurko egunarekin John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidenteari zerbitzu sekretuek jakinarazi zioten Kuban sobietarren misil instalazioak aurkitu zituztela. Kubako herria eta iraultza bete-betean harrapatu zituen inoizko krisi nuklear larrienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu