Errege-erreginarik eta enperadorerik gabeko errepublika demokratiko batean bizitzeaz harro zegoen 1902an Robert Walser. Suitzak Europan eragiten zuen miresmenaz mintzo zen idazlea artean herrialdea uharte bat zenean estatu autoritarioen artean. Ehun urte geroago, kontinentean balizko demokrazia zabaldu denean, idazlea jaioterriaz adeitasunez mintzatuko ote zen asmatzerik ez dago, baina, herrialdean gaur egitekoa duten erreferendumari erreparatuta, akaso, bestelakoak idatziko zituela begitandu daiteke, galdeketa horrek agerian uzten baitu demokraziaren kontra egiteko ere balia daitekeela demokrazia.
Suitza bakan egiten duen sistema politikoa baliatu baitu beste behin eskuin muturrak neurri xenofoboak ezartzeko. Duela urtebete mezkitetan minareteak eraikitzearen kontrako erreferenduma egin zuen -baiezkoa gailendu zen %57,5en babesarekin-, eta gaur delitu larriak egiten dituzten immigranteak kanporatzeko erreferenduma egingo dute zuzeneko demokraziak ahalbidetzen dituen mekanismoei esker. Ezen estatu hartan aski dira 100.000 sinadura lege bat indarrean jarri edo bertan behera utz dezakeen galdeketa bat egiteko. Ardi zuriek arkume beltza artaldetik nola kanporatzen duten irudikatzen duen afixa berreskuratu dute horretarako popularrek -eta populistek-. Beldurraren botoaren estrategia horixe bera lagungarri izan zitzaien herrialdeko indar politiko nagusi bilakatzeko, eta, orain, baiezkoaren aldeko kanpaina egiteko erabili dute berriz ere, afixa hura bazter guztietan paratuz.
Iaz, 750 immigrante kanporatu zituzten herrialdetik, eta proposamenak aurrera egiten badu iaz halako bost izan daitezkeela ohartarazi dute adituek. Oposizioak, berriz, neurri horrek muga gorria zeharkatzen duela salatu du, nazioarteko zuzenbidea urratzen duelako, demokrazia modernoaren sorlekuan paradigma hori bera auzitan jartzeraino -Benoit. S, hiltzailea eta suitzarra betidanik leloa erabili du oposizioak ezezkoaren aldeko kanpaina egiteko-. Pascal Sciarini Genevako Unibertsitateko politologoaren ustetan, «inoiz baino kontserbadoreago, nazionalistago eta xenofoboagoa» da egun uhartea. Europan uharte bat baita orain ere Suitza; Europako Batasunean sartzeari uko egin baitzion erreferendumean, eta estatu kideen artean errepublika demokratiko bat baita. Ezezko hartan, baina, galdeketak bermatzeko asmoa ikusi zuten askok; estatu kide izateak erreferendumak egiteko aukera galtzea zekarrelako, eta horrekin batera amore ematea zuzeneko demokraziari, herriaren subiranotasuna bermatzen duen sistema kuttunari; baina argi dago sistema horrek ez duela demokrazia babesten, ez bederen azala beltza edo iluna dutenentzat. Europako Batasunean legez kanpokoak liratekeen immigrazio eta asilo legeak ere galdeketa bidez onartu baitzituzten duela lau urte uharte hartan.
Uharte hartan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu