Zentsura

Uhinetatik kanpo

Duela 25 urte, Erresuma Batuko Gobernuak, 'terrorismoaren aurka' egiteko aitzakian, gehienbat errepublikanoei eragin zien hainbat neurri sartu zituen indarrean, horietako bat, haien ahotsak zuzenean emateko debekua.

Zentsura legearen aurkako mural bat Belfasten.
arantxa elizegi egilegor
2013ko urriaren 13a
10:19
Entzun

IRAk Tyronen zortzi soldadu britainiar hil ostean, Margaret Thatcherrek komunikabideetatik kanpo utzi zuen Sinn Fein. Horretaz gain, atxilotuei isilik egoteko eskubidea ukatu zien. Bitxia zen kontraesana. Errepublikanook ezin genuen komunikabideetan hitz egin, baina galdeketetan hitz egitera bultzatzen gintuzten». Hitz horiekin azaltzen du Sinn Feineko buru Gerry Adamsek, 1988ko urriaren 19an, Douglas Hurd Erresuma Batuko Barne ministroak bultzatutako zentsura legea.

Duela 25 urte onartu zuten debeku hori, eta eman zuen zeresana, 11 erakunderentzat zen arren —talde nazionalista nahiz loialistak— Sinn Feini egin baitzion kalte gehien. Izan ere, Hurden esanetan, "terroristek irrati eta telebisten bidez jasotzen zuten sostengua amaitu" nahi bazen ere, ordurako baziren bederatzi urte IRA eta INLA talde armatuetako kideak ez zituztela elkarrizketatzen. Gauza bera talde paramilitar loialisten kasuan ere. Aldiz, Sinn Fein talde politikoa izanik eta bertako zenbait kide bozen bidez aukeratuak izanik, komunikabideetan tarte txikia bazuen ere, errepublikanoen ikuspegia eskaintzen zuen bakarrenetarikoa zen, 1988ko urriaren 19ra arte. Ordutik aurrera isildu egin zituzten haien ahotsak. Legeak debekatu egiten zien kazetariei "indarkeria bultza zezakeen materiala" zabaltzea, eta Sinn Feineko ordezkariek indarkeriari uko egin behar zioten idatziz, hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. "Gobernuak informazioa manipulatzeko zituen tekniketako bat besterik ez zen debekua. Hura baino lehen ere agintariek ahaleginak eta bi egin zituzten Ipar Irlandako bi aldeen ikuspegia hel ez zedin komunikabideetara", azaldu du David Millerrek, Erresuma Batuko Batheko Unibertsitateko soziologia irakasleak.

Legebiltzarrean eztabaidatu gabe sartu zen indarrean debekua. Asko izan ziren haren aurka mintzatu zirenak, tartean hainbat parlamentari eta kazetari. Azken horiek debekua bertan behera uzten ere ahalegindu ziren, auzitara joz. Baina 1989an Gorenak ebatzi zuen Barne ministroak hartutako erabakia legezkoa zela.

Guraizeak, zorrotz

Legea indarrean sartua zen, baina inork ez zuen oso garbi hura nola interpretatu, legegileek ez baitzuten horri buruzko zehaztasunik eman. Zenbaitek azpidatzietara jo zuten Sinn Feineko ordezkarien hitzak eman ahal izateko, baina gehien erabilitako tresna, eta legearen zentzugabekeria agerian utziko zuena, bikoizketa izan zen.

[YouTube]http://youtu.be/Hdf4xOdas1g[/YouTube]

BBC izan zen bikoizleak erabiltzen lehena. Aktore talde bat bildu zuen debekatutako taldeen ordezkarien ahotsak bikoiztu zitzaten eta, era horretan, haien ikuspegia ematen jarraitu ahal izan zezaten. Maiz aktoreek unean uneko bikoizketak egiten zituzten.

Legea, hala ere, politikari buruzko programez haratago joaten zen. Dokumental, film eta telesailak ere zentsuratu egiten ziren. Legea indarrean sartu zen urte berean, Ipar Irlandarako Estatu idazkari zenak, Tom Kingek, Channel 4 telebista katean ikus zitekeen Lou Grant fikziozko telesaileko atal bat kentzeko agindu zuen —atal hori ematen zuten lehen aldia ez bazen ere—, bertan IRAko kide bati buruzko istorioa kontatzen zelako. Gauza bera gertatu zen Mother Ireland dokumentalarekin ere, non emakume irlandar nazionalisten gaia aztertzen zuten, eta Mairead Farrelli elkarrizketa egiten zioten —SAS talde paramilitarrak tiroz hil zuen Farrell Gibraltarren 1988ko martxoan—. Irratian ere ugari izan ziren zentsoreen guraizeak jasan zituztenak. Bitxia izan zen The Pogues taldearen Streets of Sorrow/Birmingham Six abestiarekin gertatutakoa. Harekin sostengua agertzen zieten Birminghamgo taberna baten aurkako atentatuagatik zigortutako sei lagunei eta Guildfordeko beste taberna baten aurkako erasoagatik zigortutako lauri —gerora akusatu guztienaurkako zigorrak indargabetu zituzten, haien aurkako frogak sendoak ez zirelako—. Hala ere, kantua debekatu egin zuten, agintarien arabera "kritikatu egiten zelako Erresuma Batuko Gobernuak izandako jokabidea".

Legea bertan behera geratu baino bi urte lehenago hauteskunde orokorrak egin zituzten Erresuma Batuan, eta, horren harira, Londresek zentsura arintzea erabaki zuen. Izan ere, Sinn Fein bozetara aurkeztekoa zen. Hori dela eta, Sinn Feineko buru Gerry Adamsen eta Alderdi Sozialdemokrata Laboristako lider John Humeren arteko aurrez aurrekoa baimendu zuten. Baina bozkalekuak itxi orduko, lehengora itzuli zen debekua, eta kazetariek ezin izan zuten emaitzen inguruko Adamsen iritzia bera ere zuzenean eman.

Debekuaren amaiera gerturatzen zihoan heinean, Sinn Feinekoen ahotsak ere maizago entzuten ziren komunikabideetan, betiere politikaz ari ez baziren. Esaterako, 1992ko otsailean Gerard McGuigan zinegotziaren hitzak bikoizketarik gabe eman zituzten, bere etxearen kontrako erasoa salatu zuenean. Adamsek berak ere antzeko adierazpenak egin zituen, eta zuzenean emititu ahal izan zituzten. Aldiz, Peter Taylor kazetaria Mazeko espetxeari buruzko dokumentala egiten ari zela, debekatu egin zioten kartzelako janariari buruzko kexa zabaldu nahi zuen IRAko eledunarekin hitz egitea.

Urteak aurrera joan ahala, debekuaren zentzugabekeria gero eta ageriago zegoen. Izan ere, Sinn Feineko ordezkarien ahotsak entzun ezin ziren arren, haien mezuak arazorik gabe heltzen ziren ikus-entzuleenganaino bikoizketari esker. Horrek erabat indargabe uzten zuen Margaret Thatcher lehen ministroaren hasierako asmoa, alegia, "terroristei publizitatearen oxigenoa" kentzea. Bestetik, Sinn Feineko zenbait ordezkari bozen bidez aukeratutakoak izanik, herritarrek eurek ere ez zuten begi onez ikusten.

Aurkariak, ugarituz

Apurka, hasieran legea onartu zuten kazetariak haren aurka protestatzen hasi ziren. "Debekua surrealista zen», salatu izan du gerora Francis Welch telebista ekoizleak. "Oso aurrekari arriskutsua ezarri zuen", nabarmendu zuen Marmaduke Husseyk, garai hartan BBCko zuzendaria zenak. "Kontua ez da kazetariek ezin dutela Ipar Irlandan gertatzen denaz behar bezala informatu. Kontua da jendeak ez duela ulertzen zer gertatzen ari den ez dugulako behar bezala informatzen", gaitzetsi zuen Scarlett McGwre kazetariak.

Gainbehera 1993an hasi zen, John Major lehen ministro aukeratu berriak debekua berrikusi behar zela iragarri zuenean. Majorren iritziz, debekua indarrean egon zen urteetan egindako zenbait elkarrizketak urratu egiten zuten lega. Haren adierazpenetan oinarrrituta, kontserbadore eta unionistek erabateko zentsura ezartzeko eskatu zuten.

1994ko urtarrilean, zentsurari buruzko eztabaida pil-pilean zegoela, Irlandan bertan behera utzi zuten oso antzeko beste lege bat. Horrek eta balizko bake prozesu bati buruzko zurrumurruek estu hartu zuten Erresuma Batuko Gobernua. Ordurako ez zuen inolako zentzurik Londresen menpeko irrati eta telebistei zenbait ordezkariren ahotsak emititzea debekatzeak, Irlandakoetan halako zentsurarik ez bazegoen. Urte hartan, Adamsek elkarrizketa eman zien AEBetako komunikabideei. Haren adierazpenak mundu osoan entzun ahal izan ziren, Erresuma Batuan izan ezik. Hango herritarrek Irlandako komunikabideetara jo behar izan zuten.

Azkenean, 1994ko irailaren 16an amaitu zen zentsura ofiziala, IRAk su-etena iragarri eta bi astera. Egun horretan bertan, Majorrek iragarri zuen Irlandan segurtasun arrazoiengatik itxita zeuden eta iparraldea eta hegoaldea lotzen zituzten hamar errepide ireki zituztela ere. Era berean, iragarri zuen erreferenduma egingo zutela Irlanda iparraldeko estatusa erabakitzeko. Debekua amaitu eta ordu gutxira, Sinn Feineko bigarrena zenari, Martin McGuinnesi, zuzeneko elkarrizketa egin zioten Ulstergo Telebistan, 1988ko urriaren 19tik egiten zioten lehena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.