Uztailaren hasieratik, euriteen aroak eragindako uholdeen ondorioz, 160 pertsonatik gora hil dira eta 10 milioi inguru etxerik eta ondasunik gabe geratu, Indiako bost estatutan, Bangladeshen, Nepalen eta Bhutanen batik bat. Indian larrienik kaltetutako estatua Assam da; han 3,7 milioi pertsona inguru euren bizilekuetatik ihes egitera behartuta izan baitita eta 3.200 herri urpean harrapatuta baitaude. Bangladeshen, berriz, 64 barrutietatik 25 uholdeen eraginez larri kaltetuta daude.
«Aspaldiko oroitzapenez, inoizko uholderik larrienak jasaten ari gara, gure herrialdeko 24 barrutietatik 22 urpean harrapatuta baitaude», adierazi zuen atzo Indiako ipar-ekialdean dagoen Assam estatuko lehen ministro Tarun Gogoik. «Herri andana, oso-osorik, uharreak eramanak izan dira eta hango bizilagunak egoera oso larrian dauzkagu», gaineratu zuen. Assamgo beste goi arduradun batek emandako argibideen arabera, 3.200 herri erabat urpean geratu dira eta 3,7 milioi pertsona inguru beren etxebizitzetatik ihes egitera behartuak izan dira, Brahmaputra ibaian sartzen den Kurisho ibasoak eta haren erreka adarrek gainezka egiteagatik. Hildakoak, aldiz, 67 dira oraingoz. Uralde hauek herrialdeko errepide gehienak moztu egin dituztelarik, ehunka mila herritar euren etxeen hegatsetara edo inguruko muinoetara igotzea behartuta izan dira eta han janari eta edan daitekeen urik gabe daude. «Ahaleginak oro egiten ari gara, jende hauei janaria, ura eta sendagaiak banatzeko, baina, ia ezinezkoa dugu uholde hauek kaltetutako milioika biztanleei heltzea», azaldu zuen atzo Assamgo Osasun ministro Bhudimar Barmanek. «Gure herrialdeak ez dauzka maila honetako hondamendi bati aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak», adierazi zuen, aldiz, Gogoi gobernuburuak, Indiako gobernu federalari eta nazioarteko komunitateari premiazko laguntza eskaera egitean, herenegun.
Euriaren kalte eta mesedeak
Assamgo iparraldean, Himalaia mendialdean dagoen Arunashal Pradesh estatuan ere galera oso handiak eragin dituzte uholde eta lubiziek. Agintarien arabera, 40.000 pertsonatik gora euren herrietatik alde egitera behartuak izan dira eta hildakoak gutxienez 22 dira. Bihar, Manipur eta Tripurako estatuak ere uholdeen artean harrapatuak izan dira eta hauekiko komunikazioak etenda daudelarik, zaila zen jakitea, atzo behintzat, biktimen kopurua eta kalteen neurriak zeintzuk ziren.
Indiako ipar-ekialdeko herrialdeek uholde hauek jasaten dituzten unean bertan, ipar- mendebaldeko eskualdeetan, ostera, lehorte arrisku handiak daude. Hauetan, euriteen aroak bi asteko atzerapena dauka eta Manmohan Singh Indiako lehen ministroak aitzineurriak iragarri ditu idorte arriskuei aurre egiteko gisan. 2002 urtean, Indiako eskualde hauek idorte oso larri bat nozitu zuten. Gogoratzekoa da Indiako 1.014 milioi biztanleetatik bi herenak nekazaritzatik bizi direla eta euriteen aroa mesedegarria zaiela.
Nepalen eta Bangladeshen egoera larria da
Indiatik landa, Nepal estatuak du, oraingoan bederen, uholde larri hauengatik biktima kopururik handiena pairatu, atzoko datuen arabera, 48 pertsonak bizia galdu baitute, hilabete honen hasieratik. Herrialde honetako errepide ugari urpean daude eta gainezka eginiko ibai eta erreken uharrek zubi eta argindar zein telefono linea asko eroan dituzte. Biktima anitz lubiziek eragin dituzte. Antzeko kinka larria nozitzen da Himalaia erditsuan dagoen Bhutanen, baina biktima kopururik ez zen jakitera eman, atzo behintzat.
Egoera oso larria dute, halaber, Bangladeshen. Izan ere, herrialde honetako 64 barrutietatik 25 urpean geratu dira eta gutxienez hiru milioi herritarrek beren etxeetatik ospa egitea beste aukerarik ez dute izan. Brahmaputra ibai handiaz gain, 250 ibaso eta errekak zeharkatzen dute Bangladesh eta Himalaiako mendietan elurra urtzeaz gain, euriteen aroko erauntsiek dituzte uholdeak eragin. Larrien kaltetuta dauden barrutiak Sunamganj eta Sylhet dira; lehenengoan 1,7 milioi pertsona etxerik gabe geratu baitira eta 300.000 inguru bigarrenean.Orain arte, 13 hildako zenbatu dira, baina oso litekeena da biktimen kopurua nabarmen handitzea hurrengo egunotan. Izan ere, eguraldi aurrikuspenek euri gehiago iragartzen dute datozen egunetarako eta Dhaka hiriburua eta bere inguruak arriskuan daude. Bangladeshek urtero pairatzen ditu uholde larriak, hauek herrialdearen herena inguru kaltetzen dutelarik.
MONTZOIAK ASIA HEGOALDEAN
Uholdeek 160 bat pertsona hil eta 10 milioi etxerik gabe utzi dituzte
Indiako ipar-ekialdean 101 pertsonak galdu dute bizia, 48k Bangladeshen eta beste 15 batek Nepalen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu