Asteburuan izandako euriteek eta haize boladek kalte material ugari eragin dituzten errefuxiatuen kanpalekuetan, Tindufen (Aljeria). Bereziki elikagaiak eta etxeko tresnak galdu dituzte. Auserd eta Aaiun wilayatan izan dira kalte handienak. Dakhlan, berriz, atzo etengabe egin zuen euria, eta han ere kalteak handiak izan dira; eraikin publikoak, gizarte zentroak eta adobezko etxebizitzak suntsitu dituzte euriteek.
Sahararrek 40 urte daramatzate basamortu idorrean errefuxiatuta, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean han babestu baitziren. Adobezko etxeetan eta jaimatan bizi dira, azpiegitura oso ahulak euria egiten duenerako. Saharako Ilargi Gorriak, ildo horretan, premiazko batzorde bat osatu du errefuxiatu guneetan lan egiten duten nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeekin. Nazioarteari, berriz, premiazko laguntza eskatu dio.