Ukrainako bozetan iruzurra egon dela salatu dute Europako behatzaileek

Botoen bi herenak zenbatu dituzte, eta gobernua osatzen duen koalizioak ia-ia gehiengo osoa lor lezake

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Botoen %65,2 baino gehiago zenbatuta, Ukrainako Gobernua osatzen duen koalizioak ia-ia gehiengo osoa du legebiltzarrerako hauteskundeetan. Victor Janukovitx Ukrainako presidentearen EA Eskualdeen Alderdiak botoen %33,86 lortu ditu, eta haren gobernuko aliatu Alderdi Komunistak, %14,82. Hala, alderdi independente txiki baten babesarekin, gehiengo osoa ziurtatua lukete Ukrainako legebiltzarrean. Koalizioak iruzurra egin duela salatu zuten oposizioko taldeek igandeko bozen aurretik. Bozen ondoren, ildo berean mintzatu dira ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko behatzaileak ere. Igandean Ukrainan egindako hauteskundeak atzerapausotzat jo ditu erakunde horrek.

«Erabilitako botere gehiegikeria eta bozetan diruak izan duen garrantzia ikusita, bozak atzerapauso bat izan dira Ukrainaren aurrerapen demokratikoan», ESLAren arabera. Europako Parlamentuak ere Ukrainako agintariak kritikatu ditu, hauteskunde prozesuan izandako «gabeziengatik».

Bestelako iritzia du EBE Estatu Burujabeen Erkidegoak, zeina Sobietar Batasuneko errepublika ohiek osatzen duten. Erakunde horren iritzian, Ukrainako legebiltzarrerako hauteskundeak «askeak eta garbiak» izan diraeta ez dute herrialdeko legedia urratu. EBEko 271 behatzaile izan ziren igandean Ukrainan, eta 2.500 hautesleku zaindu zituzten.

ESLAko koordinatzaile Walburga Habsburg Douglasek esan du hauteskunde eguna ondo joaan zela, baina aurreko prozesuan izan direla gorabeherak. Haren ustez, baliabide publikoak gobernuburu den koalizioaren alde erabili dira, eta horrek guztiz baldintzatu ditu hauteskundeetako emaitzak. Douglasen esanetan, alderdien finantzaketan «gardentasunik ez izana» gehitu behar zaio horri, eta komunikabideek zabaldu duten informazio alderdikoia». «Agintariek ez diete erantzun egokirik eman hauteskundeetako urratzeei».

Behatzaile berberek duela bi urte Ukrainan egindako presidentetzarako bozak goraipatu egin zituzten. Oraingoan, ordea, hauteskunde prozesua «oligarkizatu» egin dela uste dute, eta, ondorioz, herritarrek hauteskundeetan zuten konfiantza gutxitu dela. Horrez gain, Julia Timoxenko Ukrainako lehen ministro ohia eta oposizioko burua kartzelan egotea ere ez du begi onez ikusten ESLAk. Timoxenkori zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, boterea gehiegikeriaz erabiltzea egotzita. Hain zuzen ere, bozetako ustezko iruzurra salatzeko, gose greba bat hasi du Timoxenkok: «Hauteskundeak desitxuratuak izan dira lehen egunetik hasi, etaazken egunera arte».

Oposizioa, akordioaren bila

Botoen bi herenak zenbatuta, Aberria Timoxenkoren alderdiak botoen % 22 eskuratu ditu,UDARAldaketaren Aldeko Aliantza Demokratiko Ukrainarrak botoen %13, eta Svoboda arderdi nazionalistak %8,1. UDAReko buru Vitali Klitskok akordiorako deia egin die Aberriari eta Svobodari, Eskualdeen Alderdiak gehiengo konstituzionala lortzea saihesteko. Horretarako, parlamentuko 450 eserlekuetatik 300 eserleku eskuratu behar ditu Janukovitxen alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.