UKRAINA

Ukrainako erreformetan laguntzeko prest azaldu dira AEBak

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordea bisitan da Ukrainan.

Joe Biden, Ukrainara heldu berri, Andri Destxitsia agurtzen. YURI MAKSIMOV / EFE
2014ko apirilaren 22a
07:46
Entzun

AEBek, Errusiak, Ukrainak eta EBk ostegunean adostu zituzten Genevan Ukrainako krisia baretzeko neurriak. Igandera arte iraun zuen, ordea, barealdiak, bost lagun hil baitziren kontrol postu baten kontrako erasoan Slaviansk kanpoaldean.

Joe Biden AEBetako presidenteordea Ukrainara joan da, Genevan hitzartutakoak betetzeko urratsez hitz egiteko. Besteak beste, Oleksandr Turtxinov Ukrainako behin-behineko presidentearekin eta Arseni Jatseniuk lehen ministroarekin bildu da Biden.

Biden prest agertu da Ukrainaren erreforman AEBek laguntza emateko. "AEBek Ukrainako aldaketak babesten dituzte, eta bide horretan edozein laguntza emateko prest daude", esan du ohar batean Ukrainako Parlamentuak.

Herrialdearen egoera ezegonkorra eta maiatzaren 25ean Ukrainan egitekoak diren hauteskundeak izango dituzte eztabaidagai. Halaber, konstituzioa aldatzeko —horretarako konpromisoa hartu zuen Kievek Genevan— pausoez eta administrazioaren deszentralizazioaz ere jardungo dute. Turtxinovek, berriz, Bideni azaldu dio Ukrainak "botere erakundeak berritzeko eta herritarren eta estatuaren arteko harramanak gaurkotzeko helburua" duela.

Biden atzo heldu zen Kievera. AEBetako hedabideen arabera, Washington prest dago diru eta energia laguntzak ugaritzeko, baina ez da konpromisorik espero arlo militarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.