Ukrainako Gobernuko ordezkariek gaur adierazi dute bost urteotako gatazkak ekarritako «preso guztiak» etxera itzuliko direla. Nazioarteko hainbat hedabideren arabera, Kiev eta ekialdeko milizia errusiazaleak presoak trukatzen hasi dira dagoeneko. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak hil honetan bertan sinatu dute hitzarmena, Parisen. Donetskeko herri errepublikan egingo dute trukea, Gorlovka hiri industrialaren inguruko kontrolgune batean, Reuters berri agentziaren arabera.
Errusiako RIA albiste agentziak esan du Kievek 87 errusiazale emango dituela, eta 55 ukrainar nazionalista jaso. Donetskeko iturriak aipatu dituzte.
Duela bi urte egin zuten azken truke handia: Ukrainak 300 preso eman zituen, eta herri errepublikek, 70. Aurtengo irailean ere, negoziazio batzuen ondoren, Errusiak eta Ukrainak dozenaka preso trukatu zituzten; nazioarteko zenbait erakundek txalotu egin zuten ekintza hura. Orduan askatu zituzten Errusiak atxilotutako 24 soldadu ukrainarrak, esaterako.
Zelenskik apirilean irabazi zituen Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak, aise irabazi ere, gainera. Gatazka amaituko zuela hitzeman zuen orduan. Nazioarteko zenbait hedabidek nabarmendu dute haren jarrerak kritikak ere eragin dituela gertukoengan, Donbass eskualdeari estatus berezi bat emateko asmoa adierazi izan baitu.
Ukrainak bost urte baino gehiago daramatza egiturazko arrakala batek zeharkatuta. Banaketa lerroak bitan zatitzen du Donbass eskualdea: iparraldea eta mendebaldea Ukrainako Estatuaren kontrolpean dago; hegoaldea eta ekialdea, berriz, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek kontrolatzen dute. 2013ko udazkenean piztu zen gatazka: Viktor Janukovitx orduko presidenteak erabaki zuen Errusiarekiko lotura estutzea, eta haren aurka altxatu zen oposizio nazionalista europazalea, eskuin muturrak lagunduta; boterea indarrez hartu zuten 2014ko otsailean. Horrek erreakzioa sortu zuen ekialdean: Krimeak bat egin zuen Errusiarekin, eta Ukrainako gobernu berriaren aurkakoek boterea hartu zuten Donetsken eta Luhansken.