MUNDUA

Ukrainako Gobernuak dimisioa eman du

Mikola Azarov lehen ministroak dimisioa aurkeztu ondoren, horrek gobernu osoarena dakarrela esan du presidentetzak.

Azarov, jarraitzaileak agurtzen. SERGEY DOLZHENKO, EFE
Berria.info
2014ko urtarrilaren 28a
16:58
Entzun

Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak Azarov lehen ministroaren eta gobernu osoaren dimisioa onartu du. Beste gobernu bat izendatu bitartean, behin-behinean karguan mantentzeko eskatu die ministroei. Legebiltzarrak protesten aurkako legeak baliogabetu ondoren jakin da dimisioen berri.

Azarovek goizean aurkeztu du berea. Azaldu du erabakia hartu duela "konponbide baketsu batera heltze aldera, akordio politiko eta sozial bat lortzeko aukerak sortu" nahian. Bide horretan ekin nahian egin du atzera ere legebiltzarrak legeak atzera botata. Besteak beste, eraikin publikoak blokeatzea edo okupatzea, bost ibilgailutik gorako konboiak osatzea eta "muturreko [ideologietako] materiala" banatzea zigortzen zuten legeok. Akanpadak egitea eta burua maskarakin eta kaskoekin tapatzea ere debekatuta zegoen.

Egoera nahasia, eta mila galdera airean. Asteburuko istiluen ondotik, Ukrainako oposizioko ordezkariekin bildu zen berriz atzo Janukovitx presidentea, eta oposizioaren eskaerak aintzat hartuta azken neurriokin baretu nahi du egoera. Gobernuaren asmoa zen legeotatik batzuk soilik botatzea atzera, baina atzoko bileraren ostean iritziz aldatu du, legeok protestak saihestu ordez haiek bizitu besterik ez baititu egin.

Legeok ordezkatuko dituen beste lau onartu ditu legebiltzarra, zigor kodean hainbat erreforma jasotzen dituztenak. Amnistia zabala ematea da ere oposizioaren eskaeretako bat, eta gaur eztabaidatuko dute hori.

Geroz eta osagai gehiago ditu Ukrainako oposizioko koktel politikoak. Igande iluntzean, Spilna Sprava (Xede komuna) deituriko talde batek gobernuko Justizia Ministerioaren egoitza okupatu zuen; atzo arratsaldera arte, ehunka protestariren kanpaleku bihurtu zen gobernuaren eraikina, barrikadaz inguratuta. Jelena Lukax Justizia ministroak larrialdi egoera ezartzeko mehatxua ere egin zuen, baina gobernuak ukatu egin du horretarako asmoa duela. Vitali Klitxko oposizioko buruari utzi zioten ministeriora sartzen. Irtetean bertako prentsari kontatu zionez, eraikina husteko eskatu zien protestariei, baina haiek ez zioten jaramonik egin. "Gobernuak autoritatea galdu du erabat", azaldu zuen Alexandr Daniliuk eledunak: "Ukrainaren alde lan egiten dutenei utziko diegu sartzen, baina ez diktadura ezarri nahi dutenei". Atzo iluntzerako, eraikina hustu zutela jakinarazi zuten hango hedabideek.

Errusia eta Mendebaldea

Europako, AEBetako eta Kanadako hainbat diplomazialari ere izan dira Kieveko protestariei babesa adierazten. Gaur goi bilera egitekoak dira Europako Batasuneko eta Errusiako goi kargudunak; besteak beste, espero izatekoa da Ukrainako egoera eta Kievek bi potentziekin dituen harreman ekonomikoak izango dituztela hizpide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.