UKRAINAKO KRISIA

Ukrainako mugatik atzera egiteko agindu dio Putinek Errusiako armadari

Rostov, Belgorod eta Briansken dauden tropak euren baseetara itzultzeko agindu du Errusiako presidenteak. Ukrainako behin-behineko presidenteak alderdi komunista debekatzeko eskatu du.

2014ko maiatzaren 19a
08:34
Entzun

Kremlinek erabaki hori hartu du "udaberrirako aurreikusitako entrenamendu fasearen amaiera" dela eta. Halaber, Vladimir Putin Errusiako presidenteak poza azaldu du Kievek eta Ukraina ekialdeko independentistek lehen kontaktuak izan dituztelako, "parte guztiak barne hartu behar dituen elkarrizketa zuzen bat ezartzeko asmoz".

"Indarkeria eta zigor operazioa etetera deitzen du Errusiak, eta baita tropak erretiratzera eta arazoak modu baketsuen bidez konpontzera ere", dio Kremlinen oharrak.

Datorren igandean egingo dituzte Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak, eta, sei egun falta direla, PCU Ukrainako Alderdi Komunista legez kanporatzeko eskatu dio Oleksandr Turtxinov Ukrainako behin-behineko presidenteak Justizia Ministerioari. Turtxinoven arabera, "herrialdearen segurtasuna eta lurralde osotasuna mehatxatzen dituzten ekintzetan" parte hartu du alderdiak. Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiaren Lurraldeen Alderdiko aliatu izan ohi da Alderdi Komunista.

Turtxinoven ustez, komunisten jarrera politikoek "izaera antikonstituzionala" dute, eta "terroristei laguntzea" egotzi die. Kievek Ukraina ekialdean abiatutako operazioa eteteko eskatu du Petro Simonenko PCUko buruak, eta Kieveko behin-behineko agintariek zilegitasunik ez dutela esan izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.