"Bermatzen dugu armak entregatu eta eraikin ofizialak uzten dituztenen aurka ez dela jazarpen judizialik izanen", hitzeman du Oleksandr Turtxinov Ukrainako presidenteak. Agindu hori betez gero, presidenteak erran du ez dela "beharrik" egonen amnistia lege bat onartzeko manifestari errusiazaleentzat. Luhansken SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren egoitza hartu dutenekin, ordea, bertzelako jarrera bat erakutsi du. "Datozen orduotan, gaurko eguna bukatu arte, SBUren egoitza barrenean dauden pertsonak ez badira ohartzen zer gerta daitekeen, eraso bat egin beharko da", adierazi du Andrei Sentxenko presidentearen bozeramaileak.
Errusiako Itar-Tass agentziaren arabera, SBUren egoitzaren kanpoaldeko barrikadetan 1.500 herritar inguru elkartu dira barrenean dauden ekintzaileei babesa agertzeko. Agentzia horrek dioenez, eraikinaren inguruan ez da poliziarik ageri, baina inguruko karrikak kontrol postuekin itxita daude.
Arsen Avakov Barne ministroak bihar arteko epea eman die Ukraina ekialdeko Luhansk eta Donetsk hirietan egoitza ofizialak hartu dituzten manifestariei okupazioekin bukatzeko. Donetsken SBUren egoitza eta eskualdeko gobernuarena okupatu dituzte ekintzaileek. Sentxenkoren arabera, ordea, Donetsken egoera "egonkortuta" dago.
Ukraina ekialdeko eskualdeetan estatus politikoa aldatzeko erreferendumak egitea aldarrikatu dute manifestari horiek. Ukraina ekialdea errusiera hiztuna da nagusiki.