Krimea

Ukrainako presidenteak gerra egoera ezartzeko eskatu dio parlamentuari

Ukrainaren hiru itsasontzi militar geratuta dauzka Moskuk, Kercheko itsasadarrean, errusiarren uretan baimenik gabe eta nazioarteko araudiak urratuz sartu zirelakoan.

Ukrainaren itsasontzi militarrak, gaur, Kercheko portuan. STRINGER, EFE.
Hodei Iruretagoiena
2018ko azaroaren 26a
06:59
Entzun

Gaiztotuta daude egunotan ere Ukrainaren eta Errusiaren arteko harremanak. Izan ere, "oso arriskutsua" izan da Ukrainaren azken "probokazioa", Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven hitzetan. Igandean izan zen gertakaria: ukrainiarren hiru itsasontzi militar atzeman zituzten Kercheko itsasadarrean —Itsaso Beltzaren eta Azov itsasoen arteko pasabidea da—, haiek Krimea eta Errusia kontinentala lotzen dituen zubiaren azpitik pasatzen saiatu ondoren. Geldituta dauzkate orain Berdinask, Nikopol eta Yni Kapu izeneko ontziak, eta zenbait soldadu atxilotuta. Haietako sei zauritu ere egin zituztela salatu du Ukrainako armadak, eta ospitaleratu egin behar izan dituztela hiru, baina Errusiak argitu du heriotza arriskutik kanpo daudela.

Errusiak aitortu du su egin zuela itsasontzien aurka, baina azaldu du nazioarteko zuzenbideko "oinarrizko arauak" urratu zituela Ukrainak, "oso metodo arriskutsuak" erabiliz, "aurrez prestatuta". Lavroven hitzetan, NBEren arauak eta 1982ko itsasorako eskubiderako hitzarmena urratu zituen Ukrainak, baina ez hori bakarrik. Gainerako herrialdeen "burujabetza errespetatzeko" legeak ere ez zituen bete, baimenik eskatu gabe saiatu baitziren Kercheko itsasadarretik pasatzen. "Arau haustea oso metodo arriskutsuekin egin zuten", salatu du Lavrovek, maniobrak "itsasadar estu batean" egin zituztelako.

Krimea Ukrainako errepublika autonomoa izan zen harik eta 2014ko martxoan Krimeako Errepublika aldarrikatu eta Errusiarekin bat egin zuen arte. Gaur egun, Krimeako Barruti Federala Errusiaren parte bat da.

Ukrainako presidente Petro Poroxenkok ziurtatu duenez, ur eremu neutralean egin zien eraso Errusiak, itsasontziak Odessako portura itzultzen ari zirela. Atxilotutako soldaduak "berehala" askatzeko eskatu du Ukrainako presidenteak. Gertakarien ondoren, Errusiak itxi egin zuen Kercheko pasabidea, baina EBren eskaeren ondoren, ireki egin dute berriz ere. 

NATO-Ukraina batzordea

Errusiaren arabera, salbuespen egoera ezartzeko nahia dago Kieven mugimenduen atzean, eta Europako Batasuneko kideei eskatu die saia daitezela sozio ukrainarrak "lasaitzen". Hain zuzen, Ukrainak segurtasun batzordera deitu du gaurko, "Errusiaren erasoaren" ondoren zer neurri hartu aztertzeko. Poroxenko presidenteak, gainera, urtarrilaren 25era arte gerra egoera ezartzeko eskatu dio parlamentuari —salbuespen lege baten bidez egin lezake hori, eraso armatu bat dagoelako, eta estatuaren independentzia eta lurralde batasuna arriskuan dagoelako; Krimeak Errusiarekin bat egin zuenean ere ez zuten ezarri lege hori—. Datorren urtean hauteskundeak dituzte Ukrainan.

Momentuz, Ukrainako armada "alertan" ezarri du Defentsa Ministerioak. Gainera, Poroxenko presidentearen eskariz, ezohiko bilera egin du NATOren eta Ukrainaren arteko batzordeak. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak "erabateko babesa" adierazi dio Ukrainari, eta esan du "justifikaezina" dela indar militarra erabiltzea. Kieven, Errusiako enbaxadari eraso diote manifestariek.

Europako Kontseiluko presidente Donald Tusk ere zalantzarik gabe agertu da Ukrainaren alde: "Europak bat eginda jarraituko du Ukraina babesten". Errusiaren "probokazioak" gaitzesteaz gain, itsasontzi militarrak itzuli eta soldadu ukrainarrak askatzeko eskatu du Tuskek. Berlinek, berriz, "elkarrizketa" eskatu du, baina ziurtatu du, baina adierazi du Ukrainaren "lurralde batasuna" defendatzen jarraituko duela Krimeari dagokionez. Tentsioa baretzeko deia egin du Txinak ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.