"Ez dugu baimenduko". Arseni Jatseniuk lehen ministroaren arabera, Ukrainaren aurkako plan bat dago, herrialdearen ezegonkortasuna bilatu eta, hala, atzerriko tropak bertara sartzeko. Hainbat manifestari errusiarzalek gobernuaren hiru eraikin hartu dituzte Ukrainan —Jarkoven, Luhansken eta Donetsken—, Krimea Errusiara batzeko erreferenduma eskatuz. Donetskekoa hartu dutenek eskualdearen independentzia aldarrikatu dute. Arsen Avakov Barne ministroaren arabera, berriz, jada aterarazi dituzte guztiak. Luhanskeko poliziak salatu duenez, bertako kuartelean sartu zirenek hainbat arma eraman dituzte.
Martxoan Ukrainaren ekialdean istiluak gutxitu badira ere, oraindik 1.500 "erradikal" daude eskualde bakoitzean, "errusiar doinu garbiarekin". Haien jarduna atzerriko inteligentzia zerbitzuek koordinatzen dutela uste du Jatseniukek. Avakovek, bere aldetik, Errusiako presidente Vladimir Putin seinalatu du "desordena separatisten" erantzule.
Horrez gain, Ukrainako Defentsa ministerioak jakinarazi du Errusiako militar batek Ukrainako ofizial bat hil duela Krimean, bart.