FRANTZIA

UMPko auzia konpontzeko Jupperen bitartekaritza onartu dute

Alderdiaren sortzaileak Cope eta Filloni dei egin die datorren igandean elkarrekin bil daitezen.

2012ko azaroaren 23a
16:54
Entzun

UMP Frantziako eskuineko alderdi nagusiaren barne hauteskundeek eragindako gerra itzaltzeko, Alain Juppe alderdiko sortzailearen bitartekaritza onartu dute Jean François Copek eta François Fillonek. Juppek bertze bortz lagunekiko batzordea osatuko du datorren astean, eta horren emaitzak bi asteren buruan jakinaraziko ditu. Bi hautagai ohiak datorren igandean elkarrekin biltzera deitu ditu.

Joan den igandean iragan zen bozketa, eta, astelehenean, alderdiaren barne hauteskundeetako batzordeak Cope eman zuen garaile. 87.388 boto eskuratu zituen (%50,03), eta 87.290 Fillonek, Frantziako lehen ministro izandakoak (%49,97).

Asteazkenean, ordea, Fillonen aldekoek emaitzak ofizialki erantzun zituzten, eta garaipena eurena izan zela aldarrikatu zuten, itsasoaz haraindiko lurraldeetako hiru federazioren emaitzak kontuan hartu ez zirela azalduz. Emaitza horiek kontuan hartuz gero, Fillon aterako zen garaile bere jarraitzaileen eta emaitzak onartu zituen batzordearen esanetan. Batzordeak, ordea, gehitu du emaitzak argitaratu eta presidente berria izendatua zenez ezin zela atzera itzuli.

Copek, argudio horiek onartu gabe, azaldu zuen Fillonek helegite bat aurkez zezakeela “UMPko Helegite Batzorde Nazionalean”. Baina batzorde horren baitan konfiantzarik ez zuela erantzun zion Fillonek telebistan.

Azken urte hauetan Cope izan da UMPko idazkari nagusia, eta Fillonen aldekoek leporatzen diote alderdiaren baitako batzordeetan bere aldeko jendea kokatu izana. Telebistan egindako elkarrizketa horretan lehen ministro ohiak argi utzi zuen batzorde horretan baino nahiago zuela helegitea Justiziaren aurrean aurkeztu.

Fillonen aldekoen nahia izan zen Juppek bitartekaritza bat kudea zezan, Bordeleko auzapezak kanpainan ez zuelako parte hartu, ez bat eta ez bertzearen alde. Copeistek, ordea, aukera hori baztertu egin zuten hasiera batean, baina, azkenean, krisia handituz zihoala ikusita, onartu behar izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.