Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Galapagoak arriskuan dauden munduko ondareen zerrendan sartzea erabaki du. Turismoak, immigrazioak eta ekosistemetan gertatzen ari diren aldaketek arrisku handiak ekarri dituztela ohartarazi du, eta neurriak hartu behar direla. Izadiari begira, arrunt oparoak dira aipatu uharteak, espezie aski bitxiak bizi baitira bertan, beste inon ez daudenak. Horiei begira garatu zuen, hein handi batean, Charles Darwin ikertzaile ezagunak (1802-1889) Eboluzioaren Teoria.
Atzo Zeelanda Berriko Christchurch hirian egindako bileran hartu zuen erabakia Unescok artxipelagoari --19 uharte dira denera-- buruzko erabakia. Ez da ezustea izan. Iragan apirilean Ekuadorko presidente Rafael Correak berak aitortu zuen Galapagoetan arrisku gero eta handiagoak daudela, eta babesteko neurrien premiaz ohartarazi zuen. Espezie inbaditzaileak arazo handia dira Galapagoetan; urteetan bizirik iraun duten ekosistemak apurtzen dituzte. Artxipelagoak, hala ere, oraindik zer babestua franko duela esan dute, eta neurriak berandu baino lehen hartu behar direla.
Unescok egun arriskuan dauden ondareen zerrendan 800 leku ditu zerrendatuta, eta beste 45 lekuri tartea egiteko proposamenak aztertzen ari da. Azterketa horren ildoan erabaki du Galapagoak zerrendan sartzea.
Unescok arriskuan dauden ondareen zerrendan sartu ditu Galapagoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu