Unescok bere elkarteko kide gisa onartu du PAN Palestinako Aginte Nazionala. India, Txina eta Hego Amerikako herrialde batzuk alde azaldu dira gaur, Parisen egindako batzarrean, eta kontra AEB, Alemania edota Kanada. Erresuma Batua, Japonia, Kolonbia eta Mexiko abstenitu egin dira. Unescoko 195. kide bihurtu da horrela PAN.
AEBek esan dute "bakerako bidezidorrik" ez dela hartu behar, eta Unescori azaroan ematekoa zen 60 milioi dolarreko laguntza ez diote emango. Urtean 80 milioi dolar ematen dizkiote, eta Unescoren aurrekontua %22 osatzen dute. Israelek ere kritikatu egin du Parisko erabakia, bakearen aldekoa ez delakoan.
Hezkuntza, zientzia eta kulturarako NBE Nazio Batuen erakundea da Unesco, eta haren helburu orokorra bakea eta segurtasuna lortzea da, hezkuntza, zientzia eta kulturaren bidez.
Mahmud Abbas PANeko presidenteak irailaren 23an NBEri Palestina estatu ofizial gisa onartzeko eskatu zion. Erantzunaren zain daude.