Unescok estatu gisa onartu du Palestina

Aldeko 107 boto jaso ditu, 52 abstentzio eta 14 aurkako; AEBk aurka bozkatu dute, eta finantzaketa kenduko dutela iragarri duteNBEko Segurtasun Kontseiluan kide oso bilakatzeko lehen urratsa izan da

2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak onartu egin du Palestina erakundeko kide oso bilakatzeko eskaera, eta hala, 195. estatu kidea izango da. Parisen egiten ari diren Unescoren 36. Biltzar Nagusietan hartu dute erabakia, eta bozketan 107 aldeko boto jaso ditu Palestinak, 52 abstentzio eta 14 aurkako boto; beraz, estatuen bi herenen babesa jaso du, onartua izateko gutxienekoa, alegia. Ezezkoa eman dutenen artean, besteak beste, Alemania, Israel, Kanada eta AEB daude; Washingtonek, gainera, Palestina Unescoko kide oso onartzeagatik erakundeari ematen zion finantzaketa kenduko duela iragarri du— aurrekontuen %22 AEBetako diru kutxetakoa da —. Hala, azaroan egitea aurreikusia zuen 43 milioi euroko ordainketa bertan behera utzi du. Dena den, ekimen sinbolikoa izanagatik ere, urrats garrantzitsua izan da palestinarrentzat, NBEn ere begirale huts izateari utzi eta kide oso bilakatzeko aurrera pauso nabarmena eman baitu.

Iragan irailaren 23an, Mahmud Abbas Palestinako presidenteak Palestina erakundeko kide oso bilakatzeko eskaera formala egin zuen New Yorkeko Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian. Ondoren, urriaren 5ean, NBEko batzorde eragileak eskaera onartu eta aurrera jarraitzeko baiezkoa eman zuen bozketa sinboliko baten bidez: 58 estatu kideetatik 40k alde egin zuten. Hala, Riad al Malki PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministroak Palestinaren hautagaitza defendatu zuen atzo Unesco Parisen egiten ari den biltzarreko bozketan, eta estatu kideen onespena jaso du.

Datorren azaroaren 11, baina, egun erabakigarria izango da Palestinaren etorkizunerako, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak eskaeraren gainean erabaki beharko baitu. AEBek beto eskubidea dute erakunde horren barnean, eta eskaera bertan behera utz dezakete. Izan ere, Unescoren onarpenaren ostean, Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk aditzera eman du Unescok hartutako erabakia «kaltegarria» dela, eta ez duela Israelekin elkarrizketa zuzenak lortzen lagunduko: «Benetan garrantzitsuak diren erabakiak hartu beharrean, arreta horrelako gauzetan galtzen dugu; estatu palestinarraren sorrera ez da nazioarteko eztabaiden bidez egingo, baizik eta Israel eta Palestinaren arteko elkarrizketen bidez». Bi estatuen arteko elkarrizketak, hala ere, gelditurik daude duela hamahiru hilabetetik, eta horiek berriro abian jartzeko ahaleginek ez dute helburua lortu. AEBek, beraz, Israelen aliatuak, betoa erabili ahal izango dute bozketa gelditzeko. Kontra bozkatu duten zenbait estatuk ere Nazio Batuen Erakundea bera jotzen dute auzia eztabaidatzeko aukerako tokitzat, eta ez Unesco.

Nazioartearen jarrera

Bozketaren emaitza jaso ostean, PANeko ordezkariek «oso pozik» azaldu dira erabakiarekin. Hain zuzen ere, Unescon kide oso izanda, NBEn ere maila bera eskuratzeko aukera du orain herrialdeak, eta baita Israelen menpe dauden hainbat eremu munduko ondare gisa aintzat hartuak izan daitezen eskatzekoa ere; hala nola Betleem, Hebron eta Jeriko. Gainera, NBEn sartuko balitz, Palestinak Unicef, Nazio Batuen Garapen Programa eta halako nazioarteko erakunde garrantzitsuetan egoteko aukera izango luke, eta gainerako estatu kideen estatus bera izanda, nazioarteko hitzarmenak sinatu ahal izango lituzkete.

Nazioartearen onarpena, noski, ezinbesteko du Palestinak, eta estatuen jarrerak bateratzeak lanak ekar diezazkioke. Europako Batasunak, esaterako, ez du ikuspegi bateraturik, eta estatuen artean zatiketa izan da Unescorako sarbidea bozkatzerakoan: Alemaniak, adibidez, aurka bozkatu du; Espainiak eta Frantziak, ordea, alde — Parisek abstentzioa iragarri zuen arren—; eta Erresuma Batua eta Italia abstenitu egin dira.

Israelek, berriz, Palestinaren onarpena «atzerapausoa» dela nabarmendu du, eta Unescorekin elkarlanean jarraitzeko zalantzak agertu ditu Atzerri Ministerioak bidalitako oharrean. «Palestinaren eskaera alde bakarreko urratsa izan da, eta bion artean bakea lortzeko aukera are gehiago murriztu du», azaldu dute ministeriotik. Erakundeko onespenarekin batera etorri da, hain justu, Gazako mugako indarkeriaren gaiztotzea. Asteburuan hamabi palestinar eta israeldar bat hil dira suziri bidez eginiko erasoetan, eta azkenaldian, bi estatuen arteko tentsioa areagotu egin da.

Arafat atxilotzeko agindua

Tunisiako Justizia Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, Soha Arafat, Jasser Arafat Palestina Askatzeko Erakundeko buru ohiaren alarguna, atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Tunisiako lehen auzialdiko epaitegiak. Kasua sumario sekretupean dagoela azaldu du Kadem Zin el Abidin Justizia ministroaren aholkulariak, baina zehaztu du atxilo agindua Kartagoko Nazioarteko Eskolarekin lotua dagoela.

Soha Arafat 1990ean ezkondu zen Jasser Arafatekin, eta 2004an alargun geratu ostean, Tunisiara joan zen bizitzera. Han, Ben Aliren emazte Leyla Trabelsirekin egin zituen harremanak, eta hainbat arazo izan zituzten Kartagoko Nazioarteko Eskola sortzeko inbertsioaren inguruan. 2007an, dena den, Tunisiatik alde egin behar izan zuen hango herritartasuna ukatu ziolako orduko presidente Ben Alik, eta Palestinak Maltan duen enbaxadara joan zen anaiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.