Astelehenean Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak hauteskundeetara deitu ostean, martxan da horretarako prozedura. Generalitateak webgune batean bildu ditu xehetasunak, eta han plazaratu hainbat datu.
Guztira, 5.510.713 izango dira bozkalekuetara deitutako herritarrak; horietatik 195.533 Kataluniatik kanpo bizi dira. 135 parlamentari aukeratu behar dituzte, eta gehienak Bartzelonako probintzian daude jokoan (85). Izan ere, han bizi dira hautesle gehienak (4.124.254).
Estatu propioa eratzeari buruzko plebiszitu izaera izango dute bozek. Asteartean Masek berak zehaztu zuenez, parlamentuan gehiengo absolutua beharko dute independentziaren aldekoek irabazi dutela ondorioztatzeko: 68 parlamentari, beraz.
Uniok ez du babestuko Mas
Convergencia i Unio koalizioa izan da prozesu subiranistaren biktimetako bat. CDCk independentziaren alde egin du, baina ez, ordea, UDCk. Hauteskundeen ostean Mas gobernuko presidente izan dadin babesa emango dion ala ez galdetuta, Ramon Espadaler Unioko zerrendaburuak adierazi du ez duela babestuko "independentzia aldarrikatzen duen edo Kataluniaren interesen aurka doan inor", horrela alderdiaren "konpromisoari eta hauteskunde programari leial" eutsiz.
ERCk ere hauteskunde osteko jokalekuari erreparatu dio. Sergi Sabria bozeramaileak adierazi du CUP eta Catalunya Si que es Pot koalizioa balizko batasun gobernu batean sartuko lituzkeela, estatu propioa eratzeko trantsizio epean "parte hartze aktiboa" izan dezaten.