Japoniako lurrikara

Ura eta elikagaiak, kutsatuta

Iodo erradioaktiboaren aztarnak aurkitu dituzte Fukushima inguruko esnetan eta barazkietan eta Tokioko iturriko uretanIAEAk ohartarazi du berehalako arriskua ere baduela elikagai kutsatuak jateak

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Neurketek berretsi egin dute jakina edo logikoa dena: Japoniako Fukushimako zentral nuklearreko erradioaktibitate isuriak kutsatu egin ditu inguruko produktuak eta ura. Zehazki, iodo erradioaktiboaren partikulak aurkitu dituzte Fukushimako esnean eta Ibarakiko —ondoan dagoen eskualdea— ziazerbetan. Esnea zentraletik 30 kilometrora bildu zuten; ziazerbak 80-100 kilometro hegoaldera. Baina isuriaren ondorioak askoz ere urrunago zabaldu dira: iodo erradioaktiboa eta zesioa aurkitu dituzte baita Tokioko eta hainbat prefekturatako etxeetako iturriko uretan ere. Chiban, Gunman, Niigatan, Saitaman eta Tochigin.Tokio zentraletik 250 kilometrora dago.

Kutsadurarik handiena Tochigin neurtu dute: iodo erradioaktiboaren 77 becquerel ur kiloko eta 1,6 becquerel zesio ur kiloko. Maebashin (Gunma) iodoa eta zesioa topatu zituzten ostiralean, 1990ean uraren azterketak egiten hasi zirenetik lehen aldiz. Japonian muga 300ekoa eta 200ekoa da iodoarentzat eta zesioarentzat, hurrenez hurren.Esnearen kasuan aurkitutako iodo erradioaktiboaren kopurua baimendutakoaren halako bost da; ziazerbetan legezko mugaren halako zazpi. Oraindik ez dizkiete erradioaktibitate neurketak egin hainbat produkturi.

Agintariak, ohi legez, kutsadura ez dela herritarrentzat arriskutsua zuritzen saiatu dira. Barazkietan aurkitutako erradiazio maila onartutakoa baino handiagoa da, baina kutsadura horrek ez duela «berehalako arriskua» esan du Yukio Edano gobernuko bozeramaileak: «Urtebetean barazki kutsatuak janda ere, jasoko litzatekeen erradiazioa ospitaleko erradiografia batekoaren parekoa izango litzateke».

Arriskua haur eta gazteentzat

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA), aldiz, kontrakoa dio. Iodo erradioaktiboak berehalako arriskua ere izan dezakeela gizakientzat pertsonek elikagaietako erradioaktibitatea xurgatzen badute: «Iodo erradioaktiboa jaten bada, gorputzean pilatu egin daiteke eta tiroideari kalte egin diezaioke». Haurretan eta gazteetan batez ere. Horregatik, Fukushimatik hogei kilometrora dagoen eremutik joan direnei iodo egonkorraren pilulak eta ziropa eman dizkiete, tiroidean pilatu ez dadin.

IAEAk zehaztu du iodo erradioaktiboaren bizitza batez beste zortzi egunekoa dela eta aste batzuetan desegiten dela. Elikagaien erradioaktibitatearen neurketak asteartetik ostegunera egin zituzten. Iodoarena salbu, gainerako isotopo erradiaktiboen maila ez da handitu Fukushima inguruko elikagaietan, IAEAren esanetan. Gobernuak Fukushima inguruko elikagaiak saltzea debekatu du.

Erreaktoreak hozten saiatzeko ahaleginak aurrera doaz. Sei erreaktoreetatik lau argindar hornitzaile batera lotzea espero zuten. Oraindik ez zekiten, ordea, argindar sarera lotuta ere erreaktore horien hozte sistemak lanean hasiko ziren. Bosgarrenean eta seigarrenean lortu egin zuten, argindar sorgailu dieselei esker.

Egoera, «egonkortuta»

Hirugarrenean dute, ordea, arazo gehien. Suhiltzaileek itsasotik erreaktoreetara ura punpatzen jarraitzen dute. Urrunetik kontrolatutako ibilgailu bat jarri zuten hirugarren erreaktorearen parean, eta zazpi orduan 1.400 tona ur punpatu zituen erregai uraskara. «Egoera egonkortu dela uste dugu», esan zuen Edanok. Aitortu zuen, hala ere, ezin dela jakin zer gertatuko den. Hirugarren erreaktorea oso arriskutsua da, plutonioa baitu.

Suhiltzaileak ibilgailura hiru ordutik behin bakarrik gertura zitezkeen, inguruko erradiazioa handiegia delako. Hirugarren eta laugarren erreaktoreetako erradiazioa 400 eta 100 milisievertekoa da orduko. IAEAren arabera, herritarrentzako muga urteko 1 mSv/h-ko da, eta zentral nuklearretako langileentzat 100 mSv/h bost urtean (50 mSv/h gehienez urtebetean).

Bosgarren eta seigarren erreaktoreetako sabaiak zulatu egin dituzte, hidrogenoa pilatzea eta leherketak saihesteko.

IAEAk handitu egin du Fukushimako zentral nuklearreko istripuaren larritasuna, lautik bostera lehen, bigarren eta hirugarren erreaktoreetan (bat eta zazpi arteko sailkapena da).

Azken datuen arabera, lurrikarak eta tsunamiak 7.200 herritar hil dituzte eta oraindik 11.000 inguru daude desagertuta. Lurrikararen erreplikak etengabeak dira: atzo Richter eskalaren arabera6,1eko indarra zuen bat izan zen Japonian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.