Ingurumena

Urak nahasi Kanarietan

Petrolioak liskarra sortu du Kanarietako eta Espainiako gobernuen artean; Atlantikoko uretan hobiak bilatzeko Repsolek egin nahi dituen prospekzioei baiezkoa eman die Madrilek, baina azkenera arte iristeko prest dira uharteak egitasmoa galarazteko. Erreferenduma egiteko asmoa agertu du presidenteak.

jarraia90319.jpg
Ainhoa Sarasola.
2014ko martxoaren 30a
16:06
Entzun

Hondartzengatik, ur gardenengatik eta klima epelarengatik aukeratzen dituzte Kanaria Uharteak turista ugarik oporraldia igarotzeko. Turismoa dute bizibide bertako biztanle askok, baina beldur dira Repsolen egitasmo batek, ingurumenari ez ezik, jarduera ekonomiko nagusiari ere kalte egingo dion. Inguruko uretan petrolioa dagoelakoan, zundaketak egin nahi ditu enpresak Lanzarote eta Fuerteventura irlen parean, eta Espainiako Gobernuaren baiezkoa badu horretarako. Uharteetako instituzio nagusiak, ordea, aurka agertu dira, eta gatazka politikoa sortu du horrek Madrilekin. Kanariarrak galdeketara deituko dituela adierazi du Paulino Rivero Kanarietako presidenteak, baina hori legez kanpokoa litzatekeela erantzuna dio PPren gobernuak. Ingurumenaren zaintza, interes ekonomikoak, eskumenen inguruko auziak eta eztabaida politikoa jokoan sartu dira. Urak nahasita daude, beraz.

 

Atlantikoko beste hainbat tokitan bezala, Kanaria eta Maroko arteko kostaldean petrolio eta gas hobiak daudela nahiko ziurtzat jo daiteke. Ustiatzea errentagarria ote den jakiteko, ordea, zenbat eta non kokatuta dauden aztertu behar da lehenik. Horretarako egin nahi ditu Repsolek prospekzioak —Marokoko uretan jada lanean hasiak dira beste konpainia batzuk—. Enpresak urteak daramatza horren atzetik, baina 2012ko martxoan lortu zuen Espainiako Gobernuaren oniritzia. Bederatzi itsas eremu zehaztu ditu horretarako, Lanzarote eta Fuerteventura uharteen parean, eta, orotara, 898 milioi upel produzitzeko adina petrolio egon litekeela da konpainiaren aurreikuspena. Betez gero, hogei urtean ustiatuz, egunean 100.000 eta 150.000 upel artean ateratzeko moduan legoke, Espainiak urtean duen hidrokarburo inportazioen %10.

Lanei ekiteko, Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak Ingurumen Baimena ematearen zain dago Repsol, baita Kanarietako instituzioek jarritako helegiteei Auzitegi Gorenak zer erantzungo ere. Apirilerako espero dira erabaki guztiak, eta, aurrera eginez gero, konpainiak udan hasi nahiko luke prospekzioekin.

Irabaziak eta arriskuak

Petrolioaren industriak Kanarietako ekonomiari susperraldia ekarri ahal diola azpimarratzen dute prospekzioen aldekoek. Repsolen esanetan, 3.000 eta 5.000 lanpostu sortuko lituzke uharteetan; pisuzko argudioa, uharteetan langabezia %35eko tasara iritsi delarik. Baina ez da hori Fernando Riosen ustea. Kanarietako Autogobernuaren Garapenerako mandatariaren hitzetan, "argudio horrek ez du egiatik ezer; beste lekuetako esperientziek, Afrikatik Latinoamerikara, erakutsi dute ez dela hala gertatu izan, lanpostu gutxi eta oso kualifikatuak eskatu ohi baitituzte". Alde horretatik, ez du uste onurarik sortuko duenik, ez eta etekin ekonomikorik utziko ere. Dirutza handia sortuko bailuke ustiaketak, baina herritarren poltsikoetara ez litzateke iritsiko, Riosen ustez. "Soilik petrolioa ustiatuko duen enpresak eramango lituzke irabazi horiek; etekina ez da itzuliko ez petrolioa ateratzen den lekura, ezta estatura ere. Beraz, arrisku guztiak geuk hartzen ditugu, baina irabazi guztiak eurentzat dira".

Arriskuak egon badaudelako halako industria baten alboan dagoenarentzat. Are gehiago lurralde horren aberastasun iturri nagusia ingurumena eta horrek erakartzen duen turismoa izanik. Bi sektoreak bateragarriak direla adierazi du berriki Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak. Baina ez dator bat Rios: "Kanarietara datozen turisten jatorrizko herrietako bidaia antolatzaileek eta komunitate zientifikoak aurkakoaz ohartarazi dute, eta turismoari nabarmen eragingo liokeela diote; ez soilik isurketaren bat balego, baizik industria horren presentzia hutsak".

Mandatariak dio arrazoi ugari dituztela Kanarietako instituzioek prospekzioen aurka agertzeko. "Nagusiena da bateraezina dela guk nahi dugun garapen ereduarekin, ingurumenean eta turismoan oinarritzen dena". Haren ustez, "zaila da ulertzen nolatan egon daitekeen norbait irla batzuen baliabide natural eta ekonomiko garrantzitsuena arriskuan jartzen duen industria baten alde, jakinda gainera petrolioa kutsagarria, zikina eta garestia dela". Riosen ustez, energia berriztagarrien alde egin behar dute Kanariek, arlo horretan "munduko potentzia" izan litezkeela sinetsita. "Etorkizuna energia garbi eta merkeak dira; beraz, ez da ezetza ezetzagatik, garapen eredu garbia nahi dugulako baizik, epe ertain eta luzean garapen iraunkorra ahalbidetuko diguten energia berriztagarrien alde egin nahi dugulako, lanpostu finko eta kalitatezkoak ekar ditzaketenak".

Eztabaida beroak

Repsol eta Espainiako Gobernua batetik, eta Kanarietako instituzio nagusiak bestetik, elkarri beren jarrera okerra leporatzen aritu dira hilabeteotan. Lasaiago batzuetan, beroago beste hainbatetan. Iragan azaroan, esaterako, eztabaida sutsua izan zuten Paulino Rivero Kanarietako presidenteak eta Repsol konpainiako Antonio Brufauk, elkarrengandik milaka kilometrora egonik ere. Halako egitasmo bat zalantza jartze hutsa ulergaitza dela esan zuen Brufauk, Las Palmasera (Kanaria Handia) prentsaurrekoa eskaintzera joanda. "Munduak harrituta begiratzen gaitu. Zer gertatzen da Kanarietan?". Halako proiektu batek aberastasuna eta lanpostuak sortuko dituela eta munduko beste edozein herrialdek ez liokeela uko egingo ziurtatu zuen, eta arriskuren bat izango balu ez luketela baimenduko. Hala, Lanzarote eta Fuerteventurako kabildoei esan zien berehala erantzuteko bi irletan Repsolen azpiegitura baseak hartzeko prest ote zeuden, inbertsio handiak ekarriko lituzkeela gogoraraziz. "Lanpostuak sobera" ote dituzten galdetu zien, bi irletan langabezia handia dela jakitun. "Orain ezezkoa ematen duen hori ziur etorkizunean damutuko dela". Hamabost egunean erantzun ezean bestelako aukerak aztertuko zituztela ohartarazi zuen, eta ez zuen baztertu azpiegiturak Las Palmas edo Marokon eraikitzea. "Hau mundu globala da".

Bruselatik erantzun zion Paulino Rivera Kanarietako presidenteak, Europako Ingurumen zuzendariarekin auzia aztertzeko egindako bileraren ondotik. "Diskurtso tranpati eta kolonialista" horrekin kanariar guztiak "iraintzea" eta beren natur baliabideak "ahitu" nahi izatea leporatu zion. "Kanariarrok ez dugu geure burua dilista plater baten truke saltzen». Harentzat, ezezkoak oinarri sakona du, «garapen eredu kontua baita, eta ez epe laburrean eta petrolioak utz dezakeen diruan pentsatzea". Bi irletako Kabildoetako presidenteek ere ildo beretik erantzun zioten: "herri baten borondatea" ez dela promesekin erosten esan, eta "petrolioaren piratei xantaiarik ez egiteko" eskatu zien Fuerteventurakoak, eta irlak ez daudela "salgai", berriz, Lanzarotekoak.

Ezezkoak, ordea, arrazoi politikoak dituela uste du Brufauk, eta ez ekonomikoak. "Hemen politikaz hitz egiten da, ez proiektuaz". Ez du gogoko proiektuak "alarma" sortzea: "Norvegiar batek ez luke ulertuko, ohituta baitaude edonon plataformak ikustera".

Alderdi interesak ikusten ditu ezezkoaren atzean Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soria kanariarrak ere. PP ez beste alderdi guztiak prospekzioen aurka daude Kanarietan. Coalicion Canaria eta PSOE daude egun agintean, eta biak lehenago prospekzioen alde egon zirela egotzi izan die, baita hauteskunde interesengatik jardutea ere. Soriarentzat, "zentzugabea" litzateke Espainiak petrolioa ateratzeko "aukera pasatzen uztea" eta Marokok baliabide horiek ustiatzea. "Gobernuak ez du hori ametituko".

Galdeketa eta eskumena

Herritar gehienak prospekzioen aurka daudela ziur dago Kanarietako Gobernua; hamarretik zazpi herritar, Fernando Riosen arabera. Madrilek baimenak eman zituenetik, asko ugaritu dira egitasmoaren aurkako mobilizazioak, Lanzaroten eta Fuerteventuran batez ere, eta milaka herritar atera dira kalera. Halaber, baimenen aurka 15.000 alegazio aurkeztu dituzte, norbanako zein instituzioek —gobernuak eta Lanzarote zein Fuerteventurako kabildoek, kasurako—. Auziari buruz "kanariar herriak duen iritzia formalki azal dezan", erreferendum baterako eskaera egina du Rivero presidenteak. "Ados al zaude geure irlen kosta parean Repsol multinazionalari baimendutako petrolio prospekzioekin?", litzateke galdera. Madrilek, Soria ministroaren eskutik, iradoki du galdeketarik ez duela baimenduko: "Ezin da legez kanpoko erreferendum edo galdeketarik deitu; legez kanpokoa da estatuaren eskumenei buruzkoa baldin bada, eta prospekzioen eskumena estatuarena da".

Ez da iritzi berekoa Rios. Azpimarratzen du prospekzioak kanariar uretan egingo liratekeela eta, ur horiek lurraldearen parte direnez, erabakitzeko eskumena Kanariena dela. Kanarietako Uren Legeak dioena Autonomia Estatutuan sartzeko erreforma egitekoak direla-eta, Riosek esan du horren inguruan adostasun politikoa badela edo, behintzat, bazegoela, PPk ere 2007an horren alde egin baitzuen. "Orain jarreraz aldatu badute, azal dezatela zergatik", eskatu die. Halaber, Madrilek galdeketa ez balu baimenduko akatsa egingo lukeela uste du. "Baldar ariko litzateke ez balu aintzat hartuko kanariar instituzioek ez ezik herritar gehienek pentsatzen dutena. Gure ustez, galdeketa erabat legezkoa da, bai Konstituzioak bai Estatutuak jasotzen dute, baina, gainera, erabat demokratikoa da herritarrek beren etorkizunerako hain garrantzitsua den auzi bati buruz erabakitzea". Edonola ere, "legeak eskaintzen dituen tresna guztiak" baliatuko dituztela ziurtatu du.

Laster helduko dira erabakiak, eta urak baretzea edo are gehiago nahastea ekar dezakete. Hala ere, egitasmoa geldiarazteko oraindik garaiz daudela argi du Riosek, salatu izan dituzten ingurumen eragin, tramitazio akats eta abarrekin baimenik ez duela jasoko. "Aski argudio ditugu. Ziur gaude lehenago edo geroago prospekzioak bertan behera utziko direla".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.