Uranioa aberasteko zentrifugagailu gehiago jarri ditu indarrean Iranek

Erabaki horrekin axut egin die potentzia handiei, NBEko Segurtasun Kontseilua zigor ezartzea ebaztekotan delarik

2006ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Uranioa aberasteko zentrifugagailu sare berri bat jarri du Iranek abian. Teherango aginteak, erabaki honekin, axut egin die munduko potentzia handiei. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, oraindik erabakitzeko dago zigorrak ezartzeko ebazpen bat onartu edo ez. George Bush AEBetako presidenteak gogor salatu zuen atzo uranioa aberasteko beste urrats bat egin izana.

ISNA Irango informazio agentzia ofizialeko iturri anonimo batek jakinarazi zuen zentrifugagailu sare berri bat indarrean jarri dutela. «Joan den astean erabiltzeko moduan jarri diren zentrifugagailuetan uranio hexafluoruro gasa sartu dugu», zehaztu zuen izena aipatzerik nahi izan ez zuen arduradunak. «Dagoeneko, zentrifugagailu horien jardueraren emaitza gure eskura dugu», gaineratu zuen. Teknikariek uranio aberastu apur bat lortu dutela eman zuen, beraz, aditzera.

George Bush AEBetako presidenteak hauxe adierazi zuen atzo: «Nazioarteko komunitatearen lankidetza ahaleginak areagotu behar ditugu, Irani argi ohartarazteko bide honetan jarraituz gero bakartuta egotea besterik ez duela lortuko». Frantziako Atzerri Ministerioak, berriz,«seinale txartzat» jo zuen ekimena. «Beste seinale bat da eta, jakina, seinale txarra da». Jean-Baptiste Mattei Atzerri Ministerioko eledunak berriak ondorioak izango dituela ohartarazi zuen: «Albistea aintzat hartu beharko dugu auzi honetaz egiten ari garen negoziazioetan eta hartzekotan gauden erabakiei dagokienez». NBEko Segurtasun Kontseilua egunotan moldatzen ari den ebazpena izan zuen hizpide, hala, Matteik. Irani zigorrak jartzeko ebazpena eztabaidatzen ari da Segurtasun Kontseilua -Frantzia Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra da.

Nazioarteko erakundeko kide iraunkorrak -Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errusia, Txina eta Frantzia- nekeak dituzte ebazpena hitzartzeko garaian. Teherani zein zigor ezarri erabakitzeko orduan ez datozbat.

Iranen programa nuklear eta balistikoentzat baliagarri izan daitezkeen materialen gaineko bahimendu bat jartzeko garaian, alta, bat datoz. Ez dira denak iritzi bereko, aldiz, agintariei eta egitarau teknologiko hauetako arduradunei atzerrian lituzketen ondasunak bahitzeko erabakia hartzeko orduan. Errusiak, berriz, ez du zigorrik ezartzea nahi - Buchehr hirian Iranekin lankidetzan zentral nuklear bat eraikitzeko asmoa du.

Frantziako presidente Jacques Chiracek hauxe adierazi zuen atzo, Txinan: «Printzipioz, ez naiz sekula zigorrak jartzearen sustatzaile sutsua izan eta ez nago haien eraginkortasunaz batere konbentzituta». Chiracek elkarrizketaren bidez irtenbide bat aurkitzearen aldekoa dela esan zuen, baina bide horrek emaitzarik eman ezean zigor batzuk ebatzi beharko direla gaineratu zuen: «Iranek behin eta berriro agertutako asmoak onartezinak direla argi utzi behar du nazioarteko komunitateak».

«GALERAK ZEUEK IZANGO DITUZUE». Teherango agintariek, baina, behin eta berriro ere nabarmendu dute nazioarteko komunitateak jarriko lizkiokeen zigorrei ez dietela beldurrik. «Zigorrak jarri nahi badizkiguzue, jar itzazue; bada hogeita zazpi urte zigortzen gaituzuela eta horrela zer irabazi duzue, bada?». Ahmad Khatami buruzagi erlijiosoak ostiraleko predikuan esandako hitzak dira. «Zigorrak jartzearekin, guk baino galera handiagoak jasango dituzue», gehitu zuen Khatamik. Munduko potentzia handiak «jokabide hori bertan behera uztera» aholkatu zituen buruzagi erlijiosoak.

Iranek uranioa aberasteko prozesuan aurrera egiteko ekimenari arreta handia jarri dio, halaber, Israelek. Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak behin baino gehiagotan egindako adierazpenak gogora ekarri zituen Ehud Olmert lehen ministroak. «Israelek desagertu behar du». Presidentearen esaldi horixe ekarri zuen lehen ministroak gogora. Yad Vashemen Holokaustoaren oroigunean egin zuen ekitaldian mintzatu zen Olmert. Nazioarteko komunitateak Iranekin harremanetan jarraitzea lotsagarritzat jo zuen: «Herrialde askotako agintariek harrera egiten diote gure desagerraraztea nahiko lukeen buruzagi bati».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.