Mundua

Uranioa aberasten "mugarik gabe" hasiko dela jakinarazi dio Iranek IAEAri

Hala ere, mendebaldeko potentziak elkarrizketarako prest izanez gero egitasmoa bertan behera uzteko prest dagoela erantsi du. AEB eta Frantzia, Irani zigorrak jartzearen alde.

2010eko otsailaren 8a
15:09
Entzun
Mendebaldeko herrialde nagusien iritzi eta oharren kontra Iranek aurrera jarraitzen du uranioa aberasteko eta energia nuklearra garatzen joateko proiektuarekin. Gaur goizean eman du azken urratsa: Ali Akbar Salehi Energia Atomikoaren Irango arduradunak telebista bidez jakinarazi duenez, bihar bertan uranioa "mugarik gabe" aberasten hasiko dela adierazi du, eta dagoeneko bidali diola horren berri ematen duen eskutitza IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari. Nolanahi ere, egitasmoa nazioarteko begiraleen zaintzapean eramango dutela aurrera zehaztu du.

Halaber, Salehi prest agertu da mendebaldeko potentziek hartarako jarrera erakutsiz gero gai horri buruzko elkarrizkete berriro heltzeko, eta bitartean egitasmo hori bertan behera uzteko. Erregai nuklearraren trukerako akordioa iristea litzateke Iranentzako elkarrizketa horien helburua.

Aspalditik datorren auzia da Iranek mendebaldeko potentzia handiekin egitasmo nuklearraren inguruan duena. Teherango agintariek behin eta berriz ziurtatu dute energia beharrak asetzeko jarri dutela programa hori abian, eta hartarako eskubide guztia dutela aldarrikatzen dute. Mendebaldetik, berriz, AEBak buru direla, arma nuklearrak sortu eta metatzeko asmoa ikusten dute Iranengan. Zigor mehatxuak ere jaso ditu Iranek auzi hori dela-eta.

AEB eta Frantzia, zigorrak jartzearen alde

Robert Gates Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Defentsa arduraduna eta Herve Morin Frantziakoa Nazio Batuen Erakundea (NBE) Irani zigorrak jartzearen alde agertu dira gaur. "Kontu hau modu baketsuan konpontzen saiatu behar dugu, eta horregatik nazioarteak Iran presionatu egin behar du", adierazi du Gatesek. "Zoritxarrez, herrialdeok hitz egin beharko dugu zigor berriak jartzeko", Morinek dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.