Efe berri agentziak iturri juridikoak aipatuz esan du Iñaki Urdangarinek epaileari aitortu diola 2006an bere "jarduera profesionalak" uzteko eskatu ziola Espainiako erregeak —honen suhia da hura—. Urdangarin 2004-2006 artean izan zen Noos institutuko presidentea, eta gaur Jose Castro Palmako Auzitegiko epailearen aurrean deklaratzen ari da —bazkaltzeko eten bat egin dute—, auzipetuta, Balear uharteetako (Herrialde Katalanak) Gobernuko diruaz modu ilegalean jabetu izana egotzita. Iruzur fiskala, prebarikazioa edota dokumentuak faltsutzea ere leporatzen diote.
Iazko urtearen bukaeran Noos institutua zenaren egoitza arakatzen aritu zen Espainiako Polizia. Fiskaltzak orduan zioen gobernuak Noosi emandako dirua Urdangarinen enpresen esku geratzen zela eta horiek "faktura eta aurrekontu faltsuak" egiten zituztela.
Balear uharteetako Gobernuak institutuari 2005ean eta 2006an 2,3 milioi euro eman zizkion turismoari eta kirolari buruzko bi jardunaldi antolatzeagatik. Ikerketako arduradunak uste dute jardunaldien benetako kostuaren eta Noosi emandako diruaren aldea bi milioi eurokoa dela.
"Errugabea naizela erakusteko aurkeztuko naiz [epailearen aurrera]". Hala esan du gaur goizean Urdangarinek (Zumarraga, 1968), deklaratzera azaldu aurretik.
Bere "ohorea eta jarduera profesionala" ere defenditu ditu erregearen suhiak aurretik. "Urte hauetan guztietan nire ardurak bete eta erabakiak modu zuzenean eta gardentasun osoz hartu izan ditut". Gaur epailearen aurrean "egia" zein den "garbi" uztea nahi duela adierazi du Urdangarinek. "Konbentzituta nago deklarazioak hori hala izaten lagunduko duela".
Auzitegiaren inguruetan mila bat lagunek ustelkeriaren eta monarkiaren aurkako elkarretaratzea egin dute. 300en bat lagunek babesa agertu diote Urdangarini.