Uretako herriaren itomena

Azken hogei mendeetan zeremoniak Tigris eta Eufrates ibaien ertzetan egin dituen mandeatarren herria desagerpenera bultzatu dute Irakeko inbasioak eta muturreko islamisten erasoek.

Mandeatarren buruzagi Sattar Hillo —bizkarrez— eta laguntzaile bat, Tigris ibaiaren ertzean. KARLOS ZURUTUZA.
Basora
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Antzinako herri bat ezagutu du gaurBERRIA-k, mandeatarrena. Izan ere, bihar berandu izan daiteke. «Herrialde osoan 5.000 garela esango nizuke, baina, datorren astean galdetzen badidazu, agian 3.000ra ere ez gara iritsiko. Mandeatarrok galtzeko zorian gaude, abiadura bizian». Kezka nabari da Saad Majid Atiahren testigantzan. Basora hiriko mandeatar kontseiluaren presidentea da Majid, eta kontseiluko egoitzako paretetan antzinako sinesmen horren fededunen hamaika erretratu dago. Zuriz jantzita, ibaian gerriraino sartuta dauden gizon bizardunak dira denak.

XVII. mendean Persiar golkora iritsi ziren portugaldarrak, eta «San Joanen kristauak» deitu zieten mandeatarrei. Izan ere, San Joan Bataiatzailea du profeta herri honek: «Johana». Bataioak, ezkontzak, hiletak… Mandeatarrek Tigris eta Eufrates ibaietan ospatu dituzte euren zeremoniak-eta ia hogei mendez. Azken bederatzi urteak, baina, inoizko gogorrenak izan dira, diotenez.

«Saddam Husseinen garaian gure jendeak arrazoi ekonomikoengatik emigratzen zuen, ez besterengatik. Baina, 2003az geroztik, muturreko islamisten eraso ugari jaso ditugu, eta Kurdistanera, Siriara… Europara jo behar izan dugu, erruz», damu du Atiah jaunak. Atzeko paretan, oihal zuri batek estalitako gurutze bat dago. Mandeatarren ikur nagusiak Drabsa izena du, baina apostasia izan ei da talde honen zorigaitzaren hitza. Mesopotamiako kristauekin batera, Joan Bataiatzailearen jarraitzaileek ere «kristautu edo hil» tankerako ohar ugari jaso dituzte.

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen 2011ko txosten baten arabera, hamar mandeatarretik bederatzi hil egin dira, edo joan egin dira, azken bederatzi urteotan. Euren herri osoa hustea maiz eskatu dute, hain da handia jasaten ari diren jazarpena. Oraingoz, Mazin Naif Rahim Basorako buruzagi espiritualak bere arbasoen lurraldean jarraitzen du.

«1991 arte, ibaian egiten genituen gure erritoak; baina, segurtasunik eza, batetik, eta kutsadura,bestetik, tenplu barruan egindako putzu txikietan inprobisatu behar dugu zeremonia egun», dio 30 urte oraindik bete ez dituen sheijak. «Martxoaren 17an Pronaya [argiaren munduaren sorrera] ospatuko dugu, bost egunez. Hau al da toki egokia horretarako?», kexu da Rahim, haserre, hamar metro koadroko putzu baten alboan.

Tenplutik kanpo ere nabaria da ondoeza: «Nire semeak duen ikasketa espedientearekin ingeniari postu on bat lor lezake bertako petrolio industrian, baina langabezian egon da duela hiru urte lizentziatu zenetik», azaldu du Tahsin-ek, Basorako mandeatar batek. «Lanpostu onenak familian 'martiriak' dauzkatenentzat dira; Iranen kontrako gerran, Saddam Husseinen errepresiopean... Antza, gure hildakoak bigarren mailakoak dira».

Tigris ibaiertzean

Bost ordu behar dira Basoratik Bagdadera iristeko. Errepide lau eta zuzenak Tigris eta Eufrates ibaien artean zeharkatzen du Irakeko basamortua. Nomadek, ordea, patxadaz ekiten diote bideari artalde eta gamelu karabanekin, asfaltotik eta denboratik kanpo.

Mendeetan zehar, horiek makina bat aldiz egin zuten topo mandeatarrekin, euren animaliekin errekara gerturatzean. Egun, Johanaren jarraitzaileek burdin hesiz itxitako gune txiki eta zikin bat baino ez dute Bagdaden, Dora auzoko tximinia erraldoien aurrean. Handik, Khais Abuleif mandeatar eta ikertzailea bere herriak pairatzen duen zigorraz mintzo da. «Gurea ez da soilik erlijioak bultzatutako jazarpena. Urrea eta zilarraren artisauak izan ohi gara tradizioz, baina antzinako ofizioak gaizkile arrunten biktima erraza bilakatu gaitu azken urteotan».

AI Amnesty Internationalen 2010eko txosten batek mandeatar bitxigileen kontrako eraso askoren berri eman zuen. Erasoak ugariak eta era askotakoak, beraz; babesa, berriz, urria oso: «Erlijioa eta etnia kontzeptuak erabat lotuta doaz Iraken, eta, tamalez, hala jasotzen da konstituzioan», dio Saad Salloumek. Unibertsitate irakasle eta editorea da Salloum, baita Irakeko gutxiengoen aditurik handienetako bat ere. «Mandeatarrak kristauen azpitaldean sailkatu dituzte maiz, modu okerrean. Hala, hainbat pribilegio galdu dituzte, hots, ordezkaritza kuotak administrazioan, edota gutxiengoak babesteko balio duten beste hainbat tresna», azaldu du Salloumek Bagdadeko bere bulegotik.

Igandero-igandero egiten duen bezala, Sattar Hillo Tigriseko ertzera bertaratu da. Munduko mandeatar guztien buruzagia da Hillo. Haren bizar luze eta zuria apenas bereizten den kolore bereko arroparen gainean. «Kristauek sakramentu bilakatu zuten bataioa, baina gu ospakizun guztietan sartzen gara ibaian; errekako urarekin garbitzen dugu guk gure gorputza eta izpiritua», dio Hillok. Milaka urtetako erritoari ekin baino lehenago, sheikh-a euren liburu sakratu Ginza-ren pasarte bat errezitatzen hasi da, begiak itxita, eta ezkerreko eskuan ereinotz erramu ttipi bat duela.

Azken 'sheikh'-a

Bitartean, beste lau mandeatar gerturatu dira Tigrisera. Haietako bat sheikh Luei da. Ezusterik ezean, Luei gazteak bigarren hezkuntzako ikasketak bukatuko ditu aurten. Nolanahi ere, ez da unibertsitatea izango hemezortzi urteko mutil honen ardura bakarra aurrerantzean. «Ulertzen dut gutako gehienek alde egin izana, baina nik gelditzea erabaki dut: jainkoari zor diot, bai eta Johanari ere, eta nire atzetik izan diren guztiei», dio Lueik. Hamar urte baino ez zituen Saddam Hussein erori zenean.

Hillo zaharra errekako urez buztina egiten ari den bitartean, erle batek besoan ziztatu egin dio. Luei gazteak uxatu du intsektua, oihal batez, poliki, inolako kalterik jaso ez zezan. «Gizakia ala erlea izan, bekatu handia da guretzat edozein izakiri min ematea», azaldu du, irribarretsu, mandeatarren azken sheikh-a izango denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.