Kolonbia

Uriberen alderdia nagusitu da Kolonbiako hauteskundeetan

Juan Manuel Santos presidentearen alderdiak beherakada nabarmena izan du, eta emaitza kaskarra eskuratu du FARCek. Abstentzioa %53koa izan da.

Ivan Duque Zentro Demokratiko alderdiko ordezkaria eta eskuineko koalizioaren presidentegaia, atzo, garaipena ospatzen. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 12a
07:32
Entzun

Zentro Demokratiko alderdiak irabazi ditu, atzo, Kolonbian izan ziren hauteskundeak. Hala ere, Alvaro Uribe presidente ohiak sortutako alderdiak ez du lortu espero zuen bezain besteko emaitza ona. Bigarren indar bozkatuena izan da Ordezkarien Ganberarako (2,35 miloi boto), Alderdi Liberalaren atzetik (2,42 milioi boz lortu ditu), eta lehen indarra Senatuan (2,5 milioi boto inguru). Ondorioz, Zentro Demokratikoak izendatuko ditu ordezkari gehien botere legegilearen erabakiguneetan: 19 senatari (102 senataritatik) eta 32 ordezkari Ganberan (166 ordezkaritatik). Emaitza hobea iragarri zioten inkestek. 24 senatari lor zitzakeela ere aurreikusi zuten.

Nabarmentzekoa da Kolonbiako sistema politikoak herritarren aurrean duen sinesgarritasun krisia. Izan ere, abstentzioa %53koa izan da atzoko bozketan.

Alvaro Uribe izango da Zentre Domokratikoak izendatuko duen senatarietako bat. Historian, kargu horretarako inork jaso dituen boto gehien bildu zituen presidente ohiak. Aurreko legealdian egin bezala, Kolonbiako bake itunaren aurka eta Venezuelako Gobernuaren kontrako jarrera defendatzen jarraituko du, beraz, Senatuan.

Horrez gain, Uriberen hautagai kutun Ivan Duquek irabazi ditu presidentegaia aukeratzeko eskuinaren sektore batean atzo egin zuten kontsulta. Duquek bozen %67,71 jaso zituen, eta alde handiz gailendu zitzaion Marta Lucia Ramirez kontserbadoreari (%25,81). Duquek jakinarazi du Ramirez izango duela presidenteordetzarako hautagai, Kolonbiako presidentea hautatzeko maiatzean egingo den bozkan.

Bestalde, hauteskundeetako emaitzek ordezkaritza murritzagoa utziko diote Juan Manuel Santos presidentearen U Alderdiari. 21 senatari izatetik, 14 izatera pasako da, eta 37 ordezkaritik, 25era. Santosen alderdiak uko egin dio presidentegaia aukezteari, lider sendorik ez duela iritzita.

Hauteskundeen bereizgarri nagusietako bat izan da, lehenengoz hartu duela parte FARC talde armatutik eratorritako izen bereko alderdi politikoak. Emaitza kaskarrak lortu ditu FARCek. 52.000 boz pasatxo bildu ditu Senaturako (bozen %0,34) eta 32.429 boto Ordezkarien Ganberarako (%0,22). Hala ere, bost ordezkari izango ditu bi erakundeetan, bake itunak hurrengo zortzi urtetarako gutxieneko ordezkaritza hori ziurtatzen dionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.