Polo Demokratiko Alternatiboarekin aliantza eratzeari uko egin izanak kalte egin dio Mockusi; Kolonbiak AEB Ameriketako Estatu Batuekin hitzartutako base militarren akordioa bertan behera utziko zuela hitzematen bazuen, haren babesa izango zuela prometatu baitzion ezkerrak. Polo Demokratikoak eta Kolonbiako Mugimendu Komunero Sozialista Bolivarianoak, ezezkoaren ostean, abstentziorako deia egin zuten. Santosek, berriz, beste hiru alderdiren sostengua izan du bigarren itzulian: Alderdi Kontserbadorearena, Alderdi Liberalarena eta Errotiko Aldaketarena.
Babes horrek eta, batez ere, abstentzio altuak bermatu diote horren garaipen sendoa Santosi. Orotara, 30 milioi lagun zeuden deituta bozkatzera, eta bederatzi milioi lagunen babesa jaso badu ere, askoz ere gehiago izan dira etxean gelditu direnak: hautesleen %56, -lehen itzulian baino ehuneko bost gehiago-. Boto zuria, berriz, inoizko altuena izan da, eta horrek zalantzan jarri du garaipenaren zilegitasuna. Herritarrek uribismoaren ondarearekiko eta politikarekiko duten apatiaren erakusle izan dira emaitzak.
Batasun nazionalerako deia
Santos Uriberi berari mintzatu zaio lehenik, «azken 200 urteetako presidente onenetarikoari», garaipena ere harena dela adieraziz, eta haren bideari eutsiko diola aginduz: «Azken zortzi urteetako aurrerapenen gainean eraikiko dugu etorkizuna; lortu dugun segurtasunari esker oparotasunean ezarri dugu orain erronka». Auzitegi Konstituzionalak Uriberi hirugarren agintaldi batera lehiatzeko aukera ukatu ostean aukeratu zuen ofizialismoak Santos. Eta orain aro berri bat hasiko dela eman nahi izan du aditzera hautagai ofizialistak, bere aurrekoak bideratutako politiketatik haratago joateko prest dagoela iradokiz: «Historiaren erlojuak beste ordu bat markatzen du orain; batasun nazionalaren ordua iritsi da, adiskidetasunarenordua eta elkarrekin lan egiteko ordua». Bogotako El Campin koliseoan 40 minutuko agerraldia egin zuen hautagai ofizialistak herenegun gauean.
Uriberi diplomaziaz hasierako hitzak esan ostean, baina, haren politika polemikoetara lerra ez daitezen, bere diskurtso propioa eratu nahi duela agerian utzi du Santosek. Ekuador eta Venezuelari zentzu horretan eskua luzatu die «elkarlanerako bideak irekitzeko», eta beste aro bati ekiteko. Bi herrialdeekin izan ditu ika-mikak azken urteotan Kolonbiak. Venezuelak akordio militarren harira eten zituen harremanak 2006an. Ekuadorrek, berriz, handik bi urtera eten zituen harreman diplomatikoak, FARCen kontrako operazio militar batean soldaduek muga zeharkatu zutenean.
FARCen kontrako borrokaren harira, berriz, aurreko politikari eutsi egingo diola berretsi du Santosek: «Haren denbora agortu da; metodo terroristei eusten dieten bitartean, herritarrei erasotzen segitzen duten bitartean, ez da elkarrizketarik egongo, eta irmotasun osoz egingo diegu aurre».
Mockusentzako loreak ere izan ditu, eta «herrialdea pentsatzen eta hausnartzen jartzeko» doaiak aitortu dizkio, «bizitza eta legezkotasunaren baloreak» harekin partekatzen dituela adieraziz. Mockusek, berriz, zorionak eman dizkio Santosi. Gobernu berria bi hitzetan laburbildu du sei hilabetean plataforma sendo bat eratzeko gai izan den hautagaiak: «Independentzia eta gogoeta, ona dena babestuko dugu, eta okerra dena baztertuko dugu».
Agintaldi erosoa
Santosen agintaldia lasaia izatea espero da. Kongresuaren %80aren babesa izango du «segurtasun demokratikoaren» tesiari eusteko. Polo Demokratikoa eta Alderdi Berdea izango dira, beraz, oposizioko talde bakarrak; hamahiru eta bederatzi ordezkari dituzte bi ganberetan, hurrenez hurren -orotara 268 eserleku daude-. Ekonomia krisiari -herritarren erdiak pobreak dira-, langabeziari (%12), auzitan den botere banaketari, ustelkeriari, narkotrafikoari eta segurtasun ezari aurre egitea izango dira presidente berriaren erronkak.
Soslaia
Juan Manuel SantosGizon grisaren xarma
Hiru presidenterekin ministro izan ostean, politikagintzan urratssendoa egin eta presidentetzara iritsi da Juan Manuel Santos (Bogota, 1951). Poliki baina pauso irmoekin egin du aurrera ibilbide politikoan. Cesar Gaviria, Andres Pastrana eta Alvaro Uriberen gobernuetan aritu da lanean, eta azken horren ondarearen ordezkari bilakatu du ofizialismoak, hasiera batean haren hutsunea betetzearren, eta uste sendoagoarekin gero. Haren arrastoetan ibiliko bada ere, bide propio bati ekingo diola eman du aditzera, eta bere gaitasuna eta garaipena zalantzan jarri dutenei jarduneko presidenteak berak baino «milioi eta erdi boto gehiago» jaso dituela jakinarazi die; «euri jasa etengabeak eta futbol partidak izan arren», inoizko boto kopuru altuena lortu duela.Antanas Mockusen perfil bitxi eta kanpaina koloretsuaren aurrean, betiko politikagintza ordezkatu duen gizon grisaren xarma aukeratu dute herritarrek. Kazetaritza, Ekonomia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Santosek. Kafearen Nazioarteko Erakundean eta El Tiempo egunkarian egin zuen lan politikagintzan aritu aurretik. Ingrid Betancourt askatzea ahalbidetu zuen operazio militarraren estratega izan zen, eta, analisten arabera, ekintza hartan jarri zuen jokoan bere sinesgarritasuna eta etorkizuna.
Komunikabideekin lotura estua izan duen sendi aberats batekoa da; egun, ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba ditu. Pragmatikoa izaki, teknokratez osatutako lan taldea eratuko duela uste da. K. B.